Euskaragaz eta euskaraz egindako bidea
Euskara irakasle, ilustratzaile, Jalgi hadi mundura elkarte birtualaren sustatzaile eta hikaren bultzatzaile da, besteak beste, Andrea Bella uruguaitarra. ‘Euskara eta biok’ liburuaren egile ere bada, eta Euskakaren Eguna baliatuta, abenduaren 4an Muxikan aurkeztuko du.
Dakitenek erabiliz, ez dakitenek ikasiz, herri bat osaturik euskaraz nahi dugu bizi. Hala dio Imanol Urbietaren Behin betiko abestiak, eta hala da Euskal Herriko zein diasporako hainbat eta hainbat lagunentzat ere. Euskal Herrian ohikoena da jaiotzaz geroztik, euskara eta euskaraz ikasi ahal izatea, baina atzerriko pertsona askorentzat, euskara da Euskal Herriaren ateak zabaldu dizkien hizkuntza. Andrea Bella Montevideokoa (Uruguai) bada ere, euskal etxean sartu zenetik, euskalduna ere bada. Irakasle eta ilustratzaileak «euskaraz bizi daitekeela» frogatu ahal izan du, eta mezu hori zabaltzea du misio, orain bai, Euskal Herritik mundura.
Euskarara eta euskal kulturara heltzeko Bellak egindako bidaia berezia da: ez du «euskal sustrairik», baina euskaraz bizitzeko hautua berresten du egunero eta bizi-bidaia koaderno-ilustratu batean jaso du: Euskara eta biok. Proiektuaren hazia 2020an erein zuen diasporan —bere historia kontatzea eskatu zioten— eta 2025eko abenduan loratu zen, Euskal Herrian bizi zela, Herrima argitaletxearen eskutik liburua argitaratu zuenean. Geroztik, Euskal Herrian zein diasporan aurkeztu du lana, eta Euskararen Eguna aitzaki, Muxikan egingo du geldialdia abenduaren 4an: Ariatzako eskoletan egongo da, 19:00etan.
Tradizioa eta euskal folklorea dira uruguaitarra euskal kulturan murgiltzera eroan zutenak, euskal dantzak ikastera sartu baitzen estreinakoz euskal etxera: «Familiarekin euskal dantzak egitera sartu nintzen, eta gero iritsi zen euskara ikasteko aukera. Lehenengo, ahizpak ikasi zuen eta gero, nik». Hizkuntza hutsetik ikasi zuen, baita ondo ikasi ere, euskal etxean euskara irakasle izatera heldu baitzen. Euskararekiko jakin-mina ase nahian, Uruguaitik «euskara praktikatzeko aukera berriak» bilatzen jarraitu zuen, eta euskara Internet bidez eta doan praktikatzeko aukera eskaintzen duen Mintzanet egitasmoaren berri izan zuen.
Pandemia garaian, Jalgi handi mundura elkarte birtuala sustatu zuen kideetako bat izan zen ilustratzailea eta, besteak beste, Anizeto Ajuriagogeaskoa eta Luis Betanzos muxikarrak izan zituen bidelagun. Orduan, «hemengo lagunekin» euskaraz aritzeko leihoa zabaldu zitzaion; izan ere, «munduan zehar bizi diren euskaldunen artean» euskaraz mintzatu eta praktikatzeko aukera izatea da, hain zuzen ere, elkartearen funtsa. Hasieratik «lagun asko» elkartzea lortu zuten, eta gaur egun oraindik «leku guztietako» jendea batzen da: «Zapaturo saioak egiten jarraitzen dugu. Iragan zapatuan elkartu ginen eta besteak beste, Txiletik, Argentinatik, Sevillatik, Zarauztik… batu zen jendea. Bertan egoteko aukera beti dago zabalik». Parte hartzailearen profila zehaztea ezinezkotzat du montevideoarrak, baina denek ezaugarri bera partekatzen dute: «Euskara maitatzen dugunok elkartzen gara».
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak diasporako euskara irakasleak trebatzeko eskainitako Euskara Munduan programan parte hartzeko aukera izan zuen, eta Maizpide euskaltegi-barnetegian (Lazkao) egonaldiak egin zituen 2014 eta 2021ean. Orduan nabaritu zuen berarengan «euskararekiko atxikimendua sortzen» zebilela: «Euskal Herrira etortzean, lagunekin egotean, euskaldun sentiarazten ninduten. Herria eta euskararen militantzia ezagutzea oso hunkigarria izan zen; atxikimendu hori sentitu nuen».
Irudia eta hitza
Maleta bete ilusiorekin, hegazkina hartu eta Euskal Herrira bizitzera etorri zen 2024an. Herria ezagutu ahala, bere artea eta euskara uztartzen zituzten «aukera berriak» sortu zitzaizkion, besteak beste, 2025eko Hatsaren Poesia liburuaren azala egitea eta datorren barikuan Muxikan aurkeztuko duen bere lehenengo lana argitaratzea.
Hizkuntza eta irudiak uztartzen dira Euskara eta biok argitalpenean, eta euskara eta Bella dira protagonistak. Sortze prozesuan ilustrazioak izan dira ardatz, baina liburua «elkarlanaren emaitza» da: «Nik sortu nuen irudiaren bitartez, baina Ainize Madariagak jarri zion hitza. Gibel-solasa egiteko, berriz, Kike Amonarrizen laguntza izan nuen, eta aitzinsolasa Anizeto Ajuriagogeaskoak egin zidan».
Milaka hizkuntza dira munduan eta, halere, euskara hizkuntza bakarra da. Hizkuntzalariek eta ikertzaile gehienek bizirik irauten duen Europako hizkuntza zaharrenentzat duten hizkuntza ikastea ezinezkotzat dute zazpi lurraldeetatik at jaiotako askok, baina zailtasunak zailtasun, erabat egingarri den froga ukaezina da uruguaitarra: «Praktikatzeko aukerak bilatzen aritu behar nuen denbora guztian eta diasporan egonda, oso zaila izaten zen». Euskal Herrira etortzean ere praktikatzeko oztoporen bat edo beste izan zuen, «ezin baita leku guztietan euskaraz hitz egin».
Irakaslea da Bella, eta ikasteko hamaika metodologia daudela badakien arren, euskal hiztunekin harremanak edukitzea funtsezkoa izan zen berarentzat, euskaran eta euskal kulturan buru-belarri sartzeko: «Ahizparekin hasi nintzenez, Euskara Munduan programan sartzean, banekien zerbait. Barnetegian euskara ikasten eta harremanak euskaraz sortzen hasi nintzen eta oso inportantea izan zen niretzat; izan ere, harremanak izatean, pertsona horiekin errazago komunikatzen zara». Bere hitzetan, diasporan «beti» dago euskara ikasteko gogoa. Askok euskal arbasoak dituzte, beste batzuek ez, baina denek «Euskal Herrira etortzeko gogoa» daukate. Horregatik, bere esperientzia kontatu gura izan die Bellak, «euskaragaz» edo euskararik gabe etortzea «ezberdina» dela azalduz.
Duela bi urte iritsi zenetik, Bergarako Euskaraldiaren arduradun izateaz gain, hitanoa —bereziki noka— biziberritzeko ZirHika mugimendura ere batu da. Etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean, eskolan, lanean, tristuran eta pozean, eta edozein euskalki edo trataera erabilita, «euskaragaz eta euskaraz» bizitzea da helmuga.