"Begirada aldaketa egin, eta Elhuyar osoa begiratu beharko dut"
Maddi Etxebarria gernikarra 1999tik ari da lanean Elhuyarren, eta, orain, koordinatzaile nagusia izateko erronkari heldu dio. "Ilusio handiz eta arduratik" hartu du zeregin hori.
Elhuyarren koordinatzaile nagusia izateko ardura hartu berri duzu. Zer suposatzen du zuretzat aldaketa horrek?
Proposamena ilusio handiz hartu nuen, eta arduratik. Ilusioa egin zidan, nire etxea izan delako azkenengo 27 urteetan, eta suposatzen duena da, batez ere, begirada aldaketa bat. Hainbat proiektutan ibili naiz aholkulari lan alorrean, enpresetan eta erakundeetan euskara sustatzeko esparruan. Orain begirada aldaketa egin, eta Elhuyar osoa begiratu beharko dut. Elhuyar ezagutzen dut; gauza diferenteak egiten ditugunez, batzuk urrunagotik, eta beste batzuk hurbilagotik. Orain entzutea tokatzen zait, eta beste arduradun edo koordinatzaileekin batera, Elhuyarren ikuspegia zabaltzea, etxe barrura begira, politika komunak bideratzea, hartu-emanak, estrategiak… Modu txikiagoan egin izan dut hori, eta orain modu handiagoan egin beharko dut. Sentimendua ez da ni bakarrik egongo naizela horretan; koordinazio gunea dago, eta gauzak talde-lanean egiten ditugu. Horrek ere beti ematen du bertigo gutxiago, beste ardura bat hartu behar duzunean. Ondo pentsatu nuen, baina erronkak gustatzen zaizkit, eta hartu egin nuen.
Egunerokotasunean zure zereginak zertan aldatuko dira?
Orain arte beste batzuentzat, bezeroentzat ibili naiz beharrean, erakunde diferenteetan, adibidez, hemen, Ajangizen, Maierren egon naiz azkenengo bi urteotan. Bezero bati begira lan egin izan dut azkenengo lau urteotan, eta, orain, berriz, 120 lankideri begira, eta 50 urtetik gora dituen eta izen bat daukan erakunde aitzindari baten izenean berba egitea tokatuko zait askotan. Jendaurrean egotea gehiago tokatuko zait.
Aholkularitzan, besteren artean, euskararen erabilera bultzatzeko planak lantzen dituzue. Erakunde pribatuekin edo publikoekin lanketa modu berean egiten duzue?
Oro har, erakunde publikoek eta pribatuek funtzionatzeko erritmo oso diferenteak dituzte, eta horrek ere eragiten du euskararen erabilera bultzatzeko lanetan. Administrazioak lege betekizun batzuk dauzka; herri-erakundeak dira, eta, beraz, herritarrei begira egon behar dute eta dauzkaten lege betekizunak bete behar dituzte. Astiroago mugitzen diren erakundeak dira. Euskara plan batera datorren enpresa bat, berriz, oso konbentzituta dago egin behar duela, arrazoi diferenteengatik. Arrazoi nagusiena izan ohi da inguruan errotuta dagoela, Euskal Herrian dagoela eta euskarari daukana baino leku gehiago eman gura diola. Orain dela 27 urte, ni hasi nintzenean, faxak erabiltzen genituen, eta horiek euskaratzea zen helburua. Gaur egun, askotan badaude gauza batzuk eginda, adibidez, gero eta erakunde gehiagok dauzkate webguneak euskaraz. Diferentzia nagusia da nondik datorren eskaera eta bere lege betekizuna. Administrazio publiko osoak—orain arte sozietate publikoak eta enpresa publikoak ez dira egon—sartu beharko dira erabilera planak egiten. Eta pribatuei dagokionez, badago kontsumitzaileen dekretu bat, herritarrei zerbitzua ematen diena, baina ez da egiten horren jarraipenik. Horien kasuan, gehiago dator gogo batetik, langileen eskaritik, ingurura errotutako enpresa bat delako edota ikusten dutelako posizionamendu bat emango diola hemen. Gero, barruan lan egiteko moduari dagokionez, prozesua oso antzekoa izaten da. Egoeraren analisia egiten da, eta horretatik proposamen bat; beti egiten dugu behar eurekin batera. Oso garrantzitsua da ulertzea erakunde bakoitzak zelan funtzionatzen duen; enpresa pribatu guztiek eta kooperatibek ez dute berdin funtzionatzen, erakunde publiko guztiek ere ez, kultura diferenteak daude. Plana euren errealitatera egokitzea bilatzen da, ez bakarrik euskararen egoeraren inguruan, baita euren funtzionatzeko modura, kulturara… Kasu guztietan, dauzkaten baliabideen araberako plana egiten da. Ez da berdina baliabide ekonomiko onak dituen enpresa handi bat edo ez dituena, edo erakunde edo sozietate publiko bat herritarrei begira dagoena edo ez dagoena… Egokitu egiten gara. Emaitza ez da izango berdin-berdina edukietan, baina prozesua barruan nahikoa antzekoa izaten da.
Plana eginda, egunerokotasunean txertatzeko pausoa ematen al dute?
Normalean euskara ez da errei zentralean doan gai bat, beste mila kontu dauzkatelako, eta, beraz, alboetatik egin behar izaten dugu behar erakunde guztietan, publiko zein pribatuetan, handi zein txikietan. Erabakiak hartu ahal dituztenekin batera behar egiten ahalegintzen gara beti eta sortzen diren batzordeetan arduradunak egoten. Azkenengo urteetan asko ari gara lantzen arduradunen lidergoa, batez ere, administrazio publikoan, baina besteetan ere bai. Administrazio publikoek lege betekizuna daukate, baina euren ardura ere bada. Arduradunekin saioak egiten ditugu; planaren lidergoa eurena da, enpresa edo erakunde erabaki bat da, eta, orduan, beste edozein gai gestionatzen duten moduan, egin behar dute. Hasi nintzenetik hona, hor saltoa ikusi dut. Hasieran, boluntarioek betetzen zuten; orain ere boluntarioak, euskaltzaleak, ezinbestekoak dira. Baina euskaltzaleek bakarrik ezin dute egin, arduradunek hartu behar dituztelako erabakiak, eta, era berean, arduradunek bakarrik ezin dute egin, euskaltzale barik. Enpresa batek kontratazioan hizkuntza irizpide batzuk jarri beharko ditu, ez dauzka lege betekizun batzuk, baina mantendu gura badu. Gainera, orain, gero eta langile gehiago datoz euskara barik. Agian, gure inguruan, Busturialdean, ez horrenbeste, baina hemendik kanpo errealitatea da. Pertsona horiei baliabideak ipini beharko zaizkie, eta esan egin beharko zaie nora datozen. Batez ere kooperatibak badabiltza hor behar handi bat egiten, euren balioekin erabat bat egiten duelako. Hortik sortu dira euskara plan asko.
Zure ibilbidean eta esperientzian zelako garapena ikusi duzu?
Aldea dago. Kasualitatez hasi nintzen, ez nekien zer zer euskara plan bat ere ez. Nire lehenengo enpresak Bilbo ingurukoak izan ziren, eta egungoagaz alderatuta, beste egoera bat zen. Departamentu bakoitzak bere faxa zeukan, eta ia-ia bateratu behar zen fax estiloa, eta gero euskaraz jarri. Beraz, euskara planak ere laguntzen zuen gauza batzuk sistematizatzen. Kontrako diskurtso gehiago zeuden gaur egun baino, behintzat, orain topatzen ditudanak baino. Langileekin berba egiten dugunean, behintzat aurrez aurre, aldeko diskurtsoak topatzen ditugu, baita indiferentzia batzuk ere. Eta, azkenengo ureetan badago berri bat: euskaltegi batean euskara ikasi duten eta lanean euskara erabili nahi dutenak, hori delako euskaraz egiteko euren ia inguru bakarra. Azkenengo hamar bat urtetan entzuten ari garen diskurtsoa da; bai administrazioan, bai enpresetan topatu dugun errealitate berri bat da. Hori ere balioan ipini behar da. Familia batez, behar bategaz, ez da erreza euskara ikastera heltzea; beste hizkuntza bat ikastea esfortzu bat da, eta ikasten dabilen horrekin pazientzia apur bat eduki behar dugu gainontzekook. Pertsona horri laguntzea tokatzen zaigu, lan inguruan konfiantzazko pertsonak behar dituzte. Bestalde, lortu dugu enpresetako gestioan sartzea, eta hori izaten da gure helburuetako bat; beti ez dugu lortzen. Enpresek plan estrategiko bategaz funtzionatzen dute, adierazle gako bategaz, aginte koadroagaz… Eta hor euskararen inguruko adierazle, helburu bat… sartzea izaten da helburua. Zuzendaritzak edo aginte organoak horri egiten dio jarraipena. Guk enpresen funtzionamenduei buruz gehiago ikasi dugun heinean, jakin izan dugu hor sartzen, eta enpresek entzun gaituzte. Sektore honetan aholkulari moduan gabiltzan erakundeok jakin dugu hor sartzen, lortu dugu, eta hori ezinbestekoa da aurrera egitea gura badugu.
Zuengana jotzen dutenen artean, sektore edo profil jakin baten batzuk nabarmentzen al dira?
Kooperatibek badaukate leku bat, eta, enpresen izaerari dagokionez, azkenengo urteetan gizarte ekimeneko erakundeak ere etorri dira, zerbitzua ematean kanpo-pertsonekin berba egiten dutelako, adibidez, Aspace eta Caritas. Era horretako erakunde asko etorri dira, eta administraziotik ere bultzatu dituzte horretara. Zerbitzu zerbitzuko enpresek gutxienezko batzuk egin dituzte, ez guk nahiko genukeen beste. Kontsumitzaileen dekretuan sartzen direnek, adibidez, dendek, telefonia konpainiek eta era horretakoek iragarkiak bi hizkuntzetan egiten dituzte, telefono bidezko arreta ere, oro har, euskaraz ematen dute… Gutxieneko batzuk egin dituzte, baina ez dute gehiagora jo, eta hori penaz ikusten dugu. Orokorrean, oraindino asko dago egiteko. Asko aurreratu da, baina nahiko genuke gehiago aurreratzea.
Elhuyarrek erreferentzia izaten jarraitu nahi du kultura zientifikoaren euskarazko zabalpenean, zientziaren alorreko eragileekin elkarlanean eta zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lanetan. Atzera begira jarri, eta orain arteko bideari erreparatuta, zelako garapena eduki du proiektuak? Eta zelan lortu du erreferentzialtasun hori?
Ingeniaritza eta zientzia alorreko boluntario talde batek sortu zuen, terminologia espezifiko hori euskaraz lantzea beharrezkoa zela ikusita. Zapata kaxa batzuetan hasi ziren fitxak egiten 1972an, Donostian. Apurka-apurka hazten joan zen, boluntario talde horretatik, elkarte modura funtzionatzera pasatu zen. Eta profesionalizatzen joan, eta izaera aldatu beharra etorri zen, fundazioa eratuz. Gaur egun 120 pertsonako lantaldea gara. Gauza diferenteak egiten joan gara. Zientzia terminologia lantzen hasi zen, terminologia espezifikoa lantzen, eta hortik ikusi zen jendea formatu behar zela, eta hortik erakundeak ere euskaldundu behar zirela. Gero, inork egiten ez zuela-eta, euskaraz zientziaren dibulgazioa egitea erabaki zen. Itzulpenak egiten ere hasi ginen, eta gero adimen artifizialaren etorrera heldu zen, hizkuntza teknologiak… Gure lehenengo itzultzaile automatikoa orain dela urte askotakoa da. Eta euskara planak egiten ere hasi ginen, baita partaidetzarekin lotutako prozesuak egiten herrietan zein erakundeetan. Gehienok emakumeak ginen, eta genero berdintasunean ere lanketa egiten dugu. Geu joan gara sortzen geure erakundea; inor ez dago esaten zer egin behar dugun, geu goaz erabakitzen norabidea, beti ere momentu honetan daukagun misioagaz lotuta: euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea. Gizarteari ekarpen sozial bat egiten dion leku batean behar egiten dut, eta sortzen dudan balioa hor geratzen da. Modu zabal batean gizartea aberasten da. Uste dut jakin dugula gizartearen beharretara egokitzen, ezagutza, zientzia, teknologia eta euskara batuta, eta hortik joango gara egokitzen.
Hain zuzen ere, Elhuyarrek euskal gizarteak dituen erronkei erantzuten jarraitu nahi du. Zeintzuk dira erronka horiek?
Hizkuntza teknologiena bada egiteko bide bat. Adimen artifiziala, hizkuntza teknologiak… aldatzen ari dira. Oso arin doan alorra da, eta bertara egokitzea oso zaila da. Baina hor bagabiltza, eta badaukagu leku bat. Euskaratik herritarrentzat, erabiltzaileentzat, enpresentzat ahalik eta baliabide egokienak eskaintzea da gure beharra. Batzuetan zalantzak sortzen dira, baina hor egon behar dugu. Guk, euskal gizarteak ez badugu egiten euskarakoa, hizkuntza gutxitu bat den heinean, ez du beste inork egingo. Elhuyarren, ahal dugun neurrian, zerbitzu egokitu horiek aurkeztuko ditugu. Gainera, erabiltzaileengatik nahikoa hurbil daudenez, beharrak zeintzuk diren ikusi genezake. Beti ere euskararen mesedetan izan dadila denon ahalegina. Segitu behar dugun bide bat da. Horregaz batera, ikusten ari gara erabilera kritikoa garrantzitsua dela. Ezin dugu txatbot batek esaten digun guztia sinistu, eta gure gazteek ezin dute dena egin horregaz. Horren inguruan hizkuntza sailagaz batera badaukagu irakasleak trebatzeko elkarlana, eta gure euskara planetan ere egiten dugu horren formakuntza. Pedagogia handia egin behar dugu horren erabileran, ez bakarrik euskaragatik, gizarte honengatik ere bai. Hor ere bagabiltza bide bat egiten. Eta lan eremu pribatua euskalduntzearena ere bada euskal gizarteak daukan erronka bat, eta gu hor gaude eta hor egongo gara. Eta alboko gai horiek, zuzenean gugaz ez daudenak, baina gizarte aktibo eta kritiko batekin lotutakoak direnak, erdiko erreierantz eroatea ere bada erronka. Gure etxe barruan egiten ditugun prozesuak beste erakunde batzuentzat baliogarriak izan daitezke. Eta guk daukagun balio erantsia da euskaraz egin genitzakeela horiek. Askotan kosta egiten da prozesu konkretu batzuetarako aholkulari euskaldunak topatzea. Bestalde, zientziaren dibulgazioan bagabiltza gaztetxoekin, eta hor aurrera joatea ere bada erronka. Orain arteko bidetik segituko dugu, ahal dugun eta produktu eta zerbitzu berritzaileenak aurkezten, kalitatezkoak eta ikuspegi komunitariotik, euskal gizartearen onurarako izan litezkeenak. Kalitatea, aitzindaritza eta pertsonak eta gizartea zentroan edukitzea dira dauzkagun balioetako batzuk.
Epe laburrean zuzeneko itzultzailea aurkeztuko duzue. Oro har, zuen tresnek zelako harrera daukate?
Erabiltzen dira. Tresnek harrera oso ona edukitzen dute. Eta garrantzitsua da jakitea gure tresnak berton egindakoak direla. Euskararentzat emaitza onenak emango dituzten tresnak egiten ahalegintzen gara. Eta euskaren ezaugarriak, eta ez bakarrik euskara hizkuntza modura, kultura modura ere bai, euskal kultura ere kontuan hartuko dutenak, hemengo datuetatik ere edango dutenak, ahal duten neurrian. Hau da, eskualdeko zerbaiti buruz galdetzean, Busturialdeko Hitza hartuko duena aintzat bere motoreetan. Handien aurrean gu lehiatzea oso gaitza da, baina Euskal Herrian ekosistema oso ona dago. Badauzka zer hobetuak, baina teknologia ona dago, zerbitzu ona dago eta adituak daude. Elikagaiekin modura, bertokoa kontsumitu dezagun. Zuzeneko itzultzaileagaz zuk euskaraz berba egin eta nik erdaraz entzungo dut. Ahotsa testu bihurtu, testua itzuli, eta testu hori beste hizkuntza batean ahots bihurtzeko aukera izango da. Bestetik, adibidez, Elhuyar hiztegia asko erabiltzen da, eta hor ere egokitzeko ahalegin handi bat egin dugu. Ezin gara geratu lehengoan. Mugikorretan erabiltzeko, galderak egiteko… irisgarria izan dadin lan egin dugu. Itzultzaile automatikoa ere asko erabiltzen da. Zerbitzuak eskaini, eta horregaz batera, euskararen mesedetan zelan erabili eta ikuspegi kritikotik erabiltzea lantzea ere tokatzen zaigu. Kontziente izan behar gara guk pentsatzen duguna baino gehiagotan, irakurtzen duguna itzulita dagoela. Ezin dugu automatikoki itzulita dagoen testu bat argitaratu begiratu barik. Itzultzaile automatikoa ona da, baina bere mugak dauzka, ez da itzultzaile profesional bat.
Erronkak aipatuta, euskarak bizi duen oldarraldia zelan ikusten duzu?
Momentu batzuetan etsipeneko sentsazioa daukat. Pentsatzen dut euskal gizartean ez dagoela horrenbesteko polarizazioa hizkuntzari begira. Uste dut asko anplifikatu den diskurtsoa dela eta oso lotuta dagoela administrazioan lanpostu bat lortzeko helburuarekin eginda. Administrazioan lan egitea ez da eskubide bat; berdintasun irizpide batzuk egon behar dira bertan sartzeko, eta horregatik daude oposizio eta lizitazio batzuk. Baina herritarrok baditugu hizkuntza eskubide batzuk. Gaitza egiten zait besteen argumentuei egiaren bat topatzea. Errealitatea ez da horrenbesterako; gura genuke euskaldunok izatea hizkuntza markatzen dugunok, eta pribilegio guztiak dauzkagunak gu izatea. Euskara inposatzen dugula esaten dute, euskaldunon errealitatea beste bat denean. Jakin nahiko nuke euskaraz ez dakien pertsona bat benetan zenbatean sentitu den baztertuta. Erakunde moduan tokatzen zaigu diskurtso horiek ahal dugun neurrian neutralizatzen joatea. Uste dut erakundeetan egiten dugun beharrak balio lezakeela horretarako, eta eskaintzen ditugun tresnek ere balio lezakete. Adibidez, zuzeneko itzultzaileak balioko du euskarari leku bat emateko lekua ez daukan lekuetan eta euskaraz ez dakienak modu oso errazean ulertzeko. Oldarraldiagaz eta euskaldun moduan daukagun diskurtsoagaz lotuta, formazio soziolinguistikoa aipatu nahi nuke, eta ez da bakarrik Elhuyarretik esaten dugun gauza bat. Hizkuntza gutxitu batek eta hizkuntza hegemoniko batek ikuspegi soziolinguistiko batetik zelan funtzionatzen duten, zelan harremantzen diren, ze botere harreman sortzen diren… ulertzea eta barneratzea ezinbestekoa zaigu. Adibidez, feminismotik ahaldundu gara emakumeok, eta egin dezagun konparazio bat. Emakumeok ahaldundu gara diskurtso honetan, hainbat kontzeptu ikasi ditugu eta horiek euskarara ere ekarri litezke. Gu euskaldun modura ahalduntzen bagara, eta ikusten badugu zelan operatzen duten hizkuntza gutxitu eta hegemoniko batek eta hori transmititzen badugu, euskara ez dakitenak edo horrela ikusten ez dutenak ere agian, joango dira hori ikusten eta ikasten. 60-70eko hamarkadakoek euskararen biziberritzea militantziatik bizi izan genuen, eta agian, gaur egungo gazteek ikusten dute ez dela ezer egin behar. Horren atzetik zer dagoen ulertu eta gehiago ikasi behar dugu. Horretan badaukagu zer hobetu euskaldunok.