Etxeko ikertzaileak, zientzia eta herriaren arteko zubiak eraikitzeko zimendu
UEUk Zientzia-zubiak ekimena jarri du martxan azaroan Ikerl(h)ari ildoaren baitan eta, saio bat Gernika-Lumon egin dute, eskualdeko Mikel Fidalgo, June Olazar eta Itxaso Vazquez ikertzaileen parte hartzeagaz.
Ikerketa edota zientzia laborategiekin lotzen dituzte gaur gazte zein heldu askok, eta guztiz erratuta ez badaude ere, horiek ez dira ikerketarako gune esklusibo. Zientzia herritartu beharra dagoela ulertu eta euskal ikertzaile gazteak lehen lerrora eramatearen garrantziaz jabetuta, UEUk —Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza Sailaren laguntzagaz— Zientzia-zubiak ekimena abiatu du. UEUren Ikerl(h)ari bideo-podcastaren ildoan kokatu dute ekimena, eta hiriburuetatik urrunduz, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan saio bana grabatuko dute: Eibarren eta Gernika-Lumon grabatu dituzte dagoeneko, eta azkena gaur grabatuko dute, Laudion.
Gernika-Lumoko saioan alor ezberdinetako Busturialdeko hiru ikertzailek hartu zuten hitza: Mikel Fidalgo Astigarraga —Zuzenbide Prozesalean doktorea— eta June Olazar Intxausti —Biokimika eta Biologia Molekularrean doktorea— gernika-lumotarrek eta Itxaso Vazquez Villa foruarrak —Euskal Filologian eta Hizkuntzalaritzan doktoregaia—. Ikerlariek, Komunikazioan doktorea den Miren Berasategi Zeberio ikertzaile donostiarraren galderak erantzun zituzten, baita Seber Altube Ikastolatik, Barrutialde Institututik eta Gernika BHItik Astrara hurbildu zirenenak ere.
Ikerketa kontzeptuak milaka ildo barnebiltzen ditu, eta ikerlariek ildo bat baino gehiago jorratu behar izana “ohiko” bihurtu da egun, gizartearentzat batzuk beste batzuk baino “ulerterrazagoak” izanik. Vazquez, adibidez, UEUko GOI Ikastegian irakasle eta ikerlari da, eta irakaskuntza du, hain zuzen ere, bere doktoretzan aztergai. Zehazki, etorkizuneko irakasleen prestakuntzan du oinarri, eta euskaraz komunikatzeko dituzten konpetentziak eta hizkuntzaren didaktikagaz lotutako gaitasunak aztertzen ditu, “gerora eragin ahal izateko”. Lagina zehaztu eta datuak jasota, “analisi fasean murgilduta” dabil. Olazarrek, berriz, duela hilabete eta erdi amaitu zuen doktoretza, eta “gure zeluletan agertzen den lipido ugarienetakoa” den fosfatidilkolina izan du aztergai. Horretan dihardu doktoretza osteko ikerketan ere: “Oinarrizko zientzia egiten dugu. Zelulen mintza konposatu ezberdinek osatzen dute, eta horien arteko elkarrekintzak aztertzen dira ze, besteak beste, minbizi jakin batean aurkitu den proteina baten inguruko informazioa eman diezagukete. Orokorra dirudi, baina zehaztasun mailan beste edonor laguntzeko balio dezake, oso teknikoa da”.
Pandemia garaian amaitu zuen bere tesia Fidalgok, eta orduko aztergaiari neurri batean “ateak itxi” badizkio ere, horregaz harremana duten bi ildo garatzen dihardu. Batetik, Euskal Justizia Administrazioaren eraikuntzan, gaur egungo arau esparruan, “euskal hiztunon eskubideak justizia administrazioan nola bermatu” aztertzen du: “Epaiketetara joatean sarri epaileak ez dira euskal funtzionarioak, eta beraiekin askotan espainolez aritzen gara, eta Ipar Euskal Herrian, frantsesez. Horrek euskal hiztunekiko eskubide urraketa dakar, eta alde batetik hori nola eraldatu eta bermatu aztertzen dut”. Bestetik, gaur egun “gehien” bultzatzen den alorretako bat den gatazka zibil eta pribatuetan prozesu judizialetara jo beharrean “gatazka konpontzeko bide alternatiboaen” bilaketa ere jorratu du. Gaiok “bere erabakiz” landu ditu, baina badaude hamaika arrazoi ezberdinengatik ere jorratu behar izan dituenak ere.
Ikerlariek ikasleei —eta biharko egunean ikus-entzunezkoa ikusiko dutenei— azaldu zien aukeratutako masterrak “ez duela nahitaez” graduko ikasketen jarraipena izan behar, ezta doktoretzak masterrena ere. Prozesuan ere aldaketak egon daitezkela azaldu zuten: “Tesiko beka eskatu nuen eskatutako proiektua ez zen inondik inora nire tesiak jarraitu duen bidea. Azkenean bai norberak bai taldeak ideia batzuk ditu eta asko, esperimentuagatik edo jasotako emaitzengatik ez du aurrera egiten”, kontatu zien Olazarrek.
Bide ezberdinak
Edozein ikasketa aukeratuta ere, “bide arruntena” gradua, masterra eta doktoretza egingo badira jarraian egitea da, baina “ez da aukera bakarra”. Vazquez Lehen Hezkuntzako gradua amaitzean sartu zen masterrean, eta horretan zebilela lanean hasi zenez, “bide akademikoa alde batera” utzi zuen: “Lan batek bestera eraman ninduen. Bost bat urtez irakaskuntza unibertsitate batean aritu naiz, eta bertako kezkek eraman naute ikerketa egitera; mundu akademikoan irakasle moduan sartu nintzen, eta orduan ikusi nuen badagoela zer aztertu, zertan eragin”. Ikasketen bidetik barik, lanbidearen bidetik iritsi da doktoretzara foruarra.
Zuzenbide gradua bukatuta, “inertziaz” abokatutza masterra egin zuen Fidalgok, eta irakasle bat izan zen doktoretza egitea proposatu ziona: “Baiezkoa eman nion akademia eta irakaskuntzak arreta deitzen zidatelako, baina argi nuen beka edo laguntzaren bat jasotzen banuen”. Tesia egiteko urteak “gozatu” arren, “beste lan fase” gisa ulertu zuela dio.
Ikasleen interesekoak izan ziren beste hainbat gai ere jorratu zituzten, esaterako, doktoretza atzerrian egiteko aukera dagoela, bekak lortzeko bideak edota unibertsitatean atxikitako irakasle izatetik irakasle titular izateko jarraitu beharreko pausoak.
Gainera, ikasleek belaunaldi berriei doktoretza egitea gomendatzen dien galdetu zien eta, bakoitzak bere esperientziatik gogoeta eginda erantzun zien. Erantzun guztiak UEUk kaleratuko duen bideopodcastean egongo dira entzungai, aurreikusitako datak betez gero, “urtea bukatu aurretik”.