Tik-tak: hasi da hauteskundeetarako atzera kontaketa
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean 63.688 herritar daude azaroaren 29ko Espainiako Gorteetako hauteskundeetan bozka ematera deituta. Idurre Bideguren bermeotarra egongo da EH Bilduko Bizkaiko Senatukorako zerrendetan eta Maria Dolores Etxano ondarrutarra EAJkoetan.
Urtea amaitzeko hilabete inguru gelditzen den honetan, azaroaren 29an iritsiko dira Espainiako Gorteetakon haustekundeak. Herritarrak hautesmahaietara bozka ematera deituta daude domekarako. Guztira 63.688 biztanlek edukiko dute botoa emateko eskubidea Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean: Lea-Artibai eta Mutrikun 25.882 herritarrek, eta Busturialdean, berriz, 37.806k.
Bi eskualdeetatik, gainera, ordezkari bana egongo da EH Bildu zein EAJren zerrendetan. Idurre Bideguren bermeotarra lehenengo postuan joango da EH Bilduren Bizkaiko Senaturako zerrendetan, eta Maria Dolores Etxano ondarrutarrak hirugarren postua hartuko du EAJren ordezkari gisa.
2023ko uztailaren 23ko Espainiako Gorteetako hausteskundeetan EH Bilduk gorakada nabarmena izan zuen Lea-Artibai eta Mutrikun. Izan ere, 8.044 botogaz, EAJ baino 2.399 boto gehiago eskuratu zituen. Busturialdean, berriz, Euzko Alderdi Jeltzaleak nagusitasuna mantendu zuen, nahiz eta 2019ko hauteskundeetan baino 2.839 boto galdu zituen. Guztira, 10.089 botogaz nagusitu ziren jeltzaleak, eta 9.480 lortu zituen EH Bilduk, aurreko hauteskundeetan baino 2.039 gehiago.
2023ko hauteskundeetako datuak eskualdeka aztertuz, Busturialdean, eta zehazki, Gernika-Lumon EAJren eta EH Bilduren artean 11 botoko aldea baino ez zen egon: 3.220 boto lortu zituen EAJk eta 3.209 EH Bilduk. 2019ko hauteskundeekin alderatuta, 1.110 boto galdu zituen EAJk, eta 956 gehiago lortu koalizio abertzaleak. Bermeon, ostera, 649 botoko aldea egon zen bi alderdien artean: 3.654 boto lortu zituen EAJk eta 3.005 EH Bilduk. Hala ere, koalizio abertzaleak 2019ko hauteskundeetan baino 752 boto gehiago lortu zituen, eta jeltzaleek 1.088 boto galdu zituzten.
Udalerri txikietan, Elantxobe, Ibarrangelu, Mendata eta Muxikan egon ziren aldaketak aurreko hauteskundeetan: EAJ bozkatuena izatetik, EH Bilduren aldeko apostua egin zuten gehienek.
PSE-EE izan zen duela hiru urteko hauteskundeetako hirugarren alderdi bozkatuena Busturialdean: 2.738 boto lortu zituen. Gainera, 2019ko datuekin alderatuz, gora egin zuten bozek 2023an. Sumarrek, ostera, 1.552 boto lortu zituen. Eskuineko alderdi espainiarren kasuan, 664 boto lortu zituen PPk, eta 200 VOXek. Bi alderdiek gora egin zuten.
Lea-Artibai eta Mutrikun, 2019ko emaitzak errepikatu arren, EH Biluren boto emaileek gora egin zuten (809 boto gehiago), eta behera, berriz, jeltzaleek (1.287 boto gutxiago). Hala, EAJ bigarren alderdi bozkatuena izan zen (5.685 botogaz), eta kasu honetan ere, hirugarren indarra PSE-EE izan zen (1.074 boto). Gainera, Amoroton izane zik, gainontzeko herrietan gora egin zuten PSE-EEren aldeko botoek, batez ere, Lekeition eta Markina-Xemeinen.
Beraz, EH Bildu nagusitu zen 2023ko hauteskudeetan Lea-Artibai eta Mutrikun, 8.043 botogaz. Hala ere, eskualdeko gainontzeko herrietan ez bezala Etxebarrian jeltzaleak gailendu ziren.
Abstentzioa “gora”
Abstentzioaren gorakada ere esanguratsua izan zen duela hiru urte bi eskualdeetan. Lea-Artibai eta Mutrikun, %7,66ko gorakada izan zuen 2019ko azaroko hauteskundeekin alderatuta. Izan ere, udalerri gehienetan parte hartzeak behera egin zuen. Busturialdean, berriz, %24,37koa izan zen abstentzioa.
%33 gehiago
Azaroaren 29ko hausteskundeetan nabarmen egin du gora posta bidezko eskaera kopuruak. Izan ere, 2019ko azaroko hauteskundeen datuekin konparatuz, %33 gehiago eskatu dira aurten: guztira, 94.391 euskal herritarren eskabideak onartu dituzte. Lurraldez lurralde, 10.078 arabarrek, 39.868 bizkaitarrek, 23.548 gipuzkoarren eta 20.897 nafarrek izango dute posta bidez bozkatzeko aukera. 2023ko hauteskundeetako eskaerekin alderatuz, nabarmen murriztu da kopurua, izan ere duela hiru urte uztailean izan ziren hauteskundeak, askorentzat udako oporraldian. Azaroaren 19an itxi zen azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan posta bidez bozkatzeko eskaerak aurkezteko epea, eta gaur amaituko da botoa emateko aukera.
Hautes errolda, herriz herri
Ajangiz: 396
Arratzu: 348
Bermeo: 14.125
Busturia: 1.502
Ea: 790
Elantxobe: 339
Ereño: 268
Errigoiti: 424
Forua: 830
Gautegiz Arteaga: 769
Gernika-Lumo: 12.202
Ibarrangelu: 654
Kortezubi: 377
Mendata: 331
Morga: 386
Mundaka: 1.885
Murueta: 276
Muxika: 1.321
Nabarniz: 240
Sukarrieta: 343