Santanapeko sarbidean "oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna indartzeko" lanak egingo dituzte

Argazkia: Gernika-Lumoko Udala

Santanape kiroldegiko sarbidea hobetzeko lanak abiatu ditu Gernika-Lumoko Udalak, oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna indartu asmoz. Esku-hartzearen aurreikusitako inbertsioa 36.224,58 eurokoa —BEZa gehitu gabe— da, eta hainbat lan egingo dira, esaterako, oinezkoen pasabidea handitu eta seinale horizontalak berritu. 

Kiroldegirako sarbiderako egungo espaloia “1,90 metro handitzea” aurreikusten da proiektuan eta, eremu zabalenean, lau metro inguruko zabalera izatera igarok0 da. Izan ere, gaur egun oinezkoen pasabideak 1,61 eta 2,15 metroko zabalera du eta, udaletik nabarmendu dutenez, “zirkulazioa mugatu eta mugikortasuna zailtzen” ditu, besteak beste bertan aparkatzen diren ibilgailuek espaloiaren zati bat hartu ohi dutelako sarri. 

Era berean, oinezkoen pasabidea ere handituko dute, gune horren “konfigurazio berrira egokitzeko” eta bidea gurutzatzea “erosoagoa eta seguruagoa” izan dadin. Ibilgailuak aparkatzeko plazak ere berrantolatuko dituzte, zeharka aparkatzeko lekuak lerroan aparkatzeko bihurtuz. Berrantolaketa horri esker, mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako plaza “kiroldegiko sarbide nagusitik hurbilago” jarri ahal izango dela zehaztu dute.

Proiektua osatzeko zoladura eta zintarriak kendu, zola berria egin eta egungoaren antzekoak izango den tonu gorrixkako hormigoizko baldosa prefabrikatua ipini beharko dute, baita seinale horizontalak berritu ere.