'Gatibu, agur esan barik', Zinebi jaialdian
Jabi Elortegi zuzendaria, Alex Sardui eta Haimar Arejita Gatibuko kideak eta Joseba Lopezortega Zinebiren zuzendaria, gaurko agerraldian.Zinebi. 68. Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia inauguratu zuten iragan barikuan, eta bariku honetara bitartean, askotariko eskaintza bilduko du. Besteren artean, Jabi Elortegi bermeotar zuzendariaren Gatibu, agur esan barik dokumentala proiektatuko dute bihar [azaroak 24], 20:00etan, Golem Alhondiga zinema-aretoetan. Barikutik [azaroak 27] aurrera, berriz, gainontzeko aretoetan egongo da ikusgai.
Bertoko Begiradak sailaren eskaintzaren parte da Gatibu, agur esan barik. Gaurko agerraldian azpimarratu duten bezala, Bilbo ere bada Gatiburen istorioaren parte: “Filmak heldutasunari eta agertokiei agur esateko erabakiari erreparatzen dio, musikariengan eta zaleekin eraiki duten harremanean ikuspegi hurbila jarrita. Bilbo ere istorio horren parte da, Gatibuk Aste Nagusian eskainitako emanaldien bidez; Zinebiren eskutik, publikoarekiko topaketa hori zinema-areto batera eramaten da oraingoan”.
82 minututan, eskualdeko musika taldearen ibilbidea errepasatu eta “denboraren joana, heldutasuna eta agur esaten jakitearen garrantzia islatu” dituzte. Elortegiren berbetan, “emozioz, errespetuz eta hurbiltasunez kontatu nahi izan dute, eta pelikula ikusten duenak “euritan dantzan dagoela” sentitzea izan dute asmo: “Eszenaratzeak agertoki handien dimentsio epikoa orekatzen du bidaiaren intimitatearekin eta azken agurrarekin batera dauden isiltasunekin”. Kontzertuen irudiak, backstage-etakoak, taldekideei nahiz horien ingurukoei egindako elkarrizketak… Agur-biraren une bereziak jaso dituzte: Gernika-Lumon eskaini zuten Azken zoramena, Barakaldoko BECen hiru egunez Bizkaia Arena bete izana… Era berean, taldekideentzat esanahi berezia daukaten txokoak ere ageri dira, tartean, Gernika-Lumoko Zeppelin taberna, Urepel eta Boise.