Indaba usain eta zaporedun Bertoko Azoka
Inddiarren Eguna ospatu dute Eako Bertoko Azokan gaur [azaroak 21], eta IV. Putxera Lehiaketa egin dute. Hain zuzen ere, sasoian sasoikoa eta bertokoa kontsumitzearen aldarria egiten dute azokaren arduradunek, eta horrenbestez, sasoiko produktuen artean, bertoko indabak izan dira gaurko protagonista nagusiak.
Donibane Plazan eta inguruetan ezohiko usaina zabaldu dute goizetik, eta 14:00ak aldera banatu dute IV. Putxera Lehiaketaren saria. Zortzi putxera aurkeztu dituzte, eta horien artean, Jose Mari Landa eta Txurrus bikotearena nagusitu da. Azokan egon diren ekoizle eta artisauen produktuez osatutako otzara ederra jaso dute irabazleek.
Tokiko kontsumo arduratsua, ekologikoa eta jasangarria bultzatzea dute helburu Bertoko Azokaren kideek, eta beste behin ere, herritarrek eskertu dute bertako eskaintza. Idegorriondoko eta Lurbaiko ortuariak, Bizkaiganeko esnekiak eta txerrikiak, Oraskako ogiak eta Aberaskako eztiak saldu dituzte azokan, baita Lourdes Diseinu Poltsak eta Aberasturi Artisautzak egindako artisau produktuak ere. Gainera, Bedarokelako kideak ere euren haragikiak banatzen ibili dira.