Santa Katalina jaiak ere, ate joka

Badator Santa Katalina Eguna eta badatoz mundakarrek esperotako jai egunak. Azaroaren 25a (eguaztena) da Santa Katalina Eguna, baina ospakizunak datorren asteburura arte luzatuko dituzte udalerriko bizilagunek. 

Bihar [azaroak 21] hasiko dira datozen egunetarako giroa bertotzen, Gazte Zar Mendi Taldeak beste urte batez antolatu duen Santa Katalina Mendi Martxan batuta. Herritarrek bi ibilbide izango dituzte aukeran, eta azken unera arte izango dute zeinetan parte hartu nahi duten erabakitzeko aukera. Izan ere, bihar bertan izena eman beharko da. 

Ibilbide laburra aukeratzen dutenek  12 kilometro egin beharko dituzte, eta 10:00etan eman beharko dute izena, plazan. Ibilbide luzekoek, berriz, 19 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote. Azken horiek 09:00etan dute izena emateko zita.

Ohi legez, Santa Katalina ermitan egingo dute egun handian meza eta, ostean, ohorezko aurreskua dantzatuko dute herriko dantzariek. 

Edonola ere, begi bat datorren asteburuan ipina dute herritarrek, batez ere kozinatzen trebeak diren horiek. Herriko gastronomia tradizio errotuenetako bati eutsiz, 40. Santa Katalina Makailao Txapelketa hartuko du udalerriak azaroaren 28an [zapatua], eta dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera. Parte hartzaile kopurua hogeira mugatu du udalak eta horrenbestez, interesdunek lehenbailehen izena eman beharko dute udalaren bulegoetan. Astelehena [azaroak 23] izango da horretarako azken eguna. 

Udaletxeko arkupeak izango dira sukaldarien agertoki, eta bakailaoa pil-pil erara egiteko gaitasuna erakutsi beharko dute bertan. Kazola bakoitzeko “gehienez bi sukaldari” onartuko dituzte eta lehiaketaren “eremuan bertan” prestatu beharko da.

13:00etan aurkeztu beharko dizkiote kazolak eta, zehaztu dutenez, “ohiko osagaiak” erabiliz: bakailoa, olioa eta berakatza. “Kazola bakoitzak gutxienez sei errazio eta gehienez bederatzi izan beharko ditu”, adierazi dute. Epaimahaiak egosketa-puntua, zaporea eta aurkezpena hartuko ditu kontuan irabazlea aukeratzeko unean.