Hamaika ikuspuntu, helburu amankomuna

Emakumeei eragiten dieten gaien inguruan hausnartu eta eztaibaidatzeko «espazio segurua» sortu asmoz, ‘Hilabete bat, gai bat, ekarpen ezberdinak’ dinamika abiatu du Busturialdeko Itaiak. Bihar [azaroak 21] dute ipinita bigarren hitzordua.

Kattalin Gerrikaetxebarria eta Amaia Araguas Busturialdeko Itaiako kideak

Emakumeak saretzearen garrantzia eztabaidaren lehen lerroan egon da sarri, batik bat elkarrean artean babestu, ezagutza eta baliabideak trukatu eta ahalduntze harremanak sortzeko. Lehen lerroa —izan— da ere, emakumeak sarri okupatu beharreko espazioa, gizonen mesedetan ukatuak izan baitzaizkie hainbat eremu sozial, kultural, ekonomiko zein politiko. “Emakume orok zeresanik baduela” sinetsita eta egungo testuingurua oinarri harturik, “egoerak nola eta zertan” eragiten dien ezagutzeko espazio berria sortu gura izan dute Busturialdeko Itaiatik: Hilabete bat, gai bat, ekarpen ezberdinak. 

Egitasmoak emakumeak batu eta “eragiten dien gaien inguruan hausnartzea” du helburu, elkarren artean hezi eta “egungo testuinguruaren aurrean indarrak batu eta borrokaren kontzientzia zabaltzeko”. Horretarako, ezinbestekotzat dute espazio “eroso” bat sortu eta “ahalik eta emakume gehien” elkartzea.

Emakumeak “historikoki zapalduak” izan dira eta egun, nahiz eta azken urteetan saiakera asko egin diren, egoera “ez da aldatu”. Are gehiago, “normalizatzen” ari da: “Gaur egun gero eta jarrera erreakzionario, faxista zein matxista gehiago ikusten dira eta indar handia hartzen ari dira. Horren aurrean emakumeen zapalkuntza gero eta gehiago normalizatzen ari da gizartea eta hamaika modutan ikus daiteke hori: erailketa zein erasoak bere horretan jarraitzen dute, zaintza lanetan dabiltzan emakumeen egoerak ez du hoberantz egin eta etxebizitzaren auziak indarkeria matxista jasaten duten emakumeetan eragin zuzena du…”, azpimarratu dute Itaiakoek. 

Emakumeen saretzea

Argazkia: Busturialdeko Itaia

Halere, egoera horrek gizartean “ezinegona pizten ez duela” ikusita, horren zergatia antzeman gura dute. Uste dute faxismoaren zein ideia erreakzionarioen gorakadak sare sozialak eraldatu dituela, youtuber edo influencer askok mezu horiek “inpunitate osoz” zabaltzen dituztela, eta pantailaren beste aldean dauden gazteek “errealitatearen distortsio bat” barneratzen dutela —edo horretako arriskua dutela—: “Horiek entzunda, indarkeria matxista existitzen ez dela edo emakumeek pairatzen duten zapalkuntza antzinako kontua dela barneratu dezakete”.

Eskualdea, kontzientziatua

Busturialdeko eta, oro har Euskal Herriko emakumeak ez daude egoera horretatik salbu, “egoera horren parte” baitira: “Bertoko gazteoi ere eragiten digu, azken finean denok edo ia denok kontsumitzen baititugu sare sozialak”. Edonola ere, Busturialdean egungo testuinguruari “aurre egiteko gogoa eta kontzientzia” dagoela uste dute Itaiakoek.

Urrian egin zuten Hilabete bat, gai bat, ekarpen ezberdinak egitasmoko lehenengo saioa Astran, eta bultzatzaileek balorazio “oso positiboa” egin dute: “Espero genuena baino emakume gehiago hurbildu ziren; oso pozgarria izan zen hori ikustea. Hor ikusi genuen benetan beharrezkoa zela honelako espazioak sortzea; aurreikusten ez genituen kezka asko mahaigaineratu ziren”. 

Gobernuko agintariak emakumeen alde(rdi)? Zer aldatu da benetan?  izan zuten eztabaidagai orduan, hauteskundeak ate joka daudela azken urteetan politika instituzionalean gertatutakoa aztertzea “oso garrantzitsutzat” baitute Itaiakoek: “Alde batetik, eskuina agintera iritsiko denaren beldurra dago eta, bestetik, zalantzak sortzen dizkigu ezkerra deritzonak azken urteetan neurri batzuk hartu eta berdintasuna mahaigaineratu arren erasoek bere horretan jarraitzen dutela. Argi dagoena da kaleko borroka ezin dela albo batera utzi ezkerra zein eskuina daudenean gobernuan”. Saioan “ondorio ezberdinetara” iritsi ziren, baina bat egin zuten “kaleko borroka ezin dela alde batera utzi” esatean.

Argazkia: Busturialdeko Itaia

Ez dute dinamika berriaren iraupena zehaztu, urriko saioa “esperimentua” izan baitzen. Aurreratu dutenez denborak aurrera egin ahala ikusiko dute noiz arte luzatuko duten baina iraun bitartean “ahalik eta probetxu gehien” atera gura diote. Horretarako hamaika gai ezberdin landuko dituzte, baina oraindik  ez dituzte zehaztu, parte hartzen duten emakumeek aukeraketan parte hartzea “aberasgarria” izango dela uste baitute. 

Uste baino hurbilago

Emakumeen ezinegonei elkarrekin irtenbidea ematen saiatu gura dute, eta horregatik, kezkok izango dituzte mintzagai. Lehenengo saioan presio estetikoa, hipersexualizazioa, prostituzioa, emakumeen osasun mentala eta osasun erreproduktibo eta sexuala izan ziren azaldu ziren gaietako batzuk: “Konturatu ginen uste duguna baino hurbilago gaudela emakume guztiok, eta denoi eragiten digutela gauza berdinek. Ondorio berdinera iritsi ginen denok: guzti hori kolektiboki lantzeko beharrizana dago, eta ez modu indibidual eta isolatu baten. Espazio gehiago hartu beharra dugu, eta kolektiboki egitea ezinbestekoa, aukera bakarra izango da”.  

Arduroi tiraka, Nire gorputza nire erabakia? gaia izango dute hizpide bihar, dinamikaren bigarren saioan. 10:00etan daukate ipinita hitzordua Astran eta, “gogo handiz”, emakume guztiak deitu dituzte parte hartzera.