Zaku eramate eta giza proben Bizkaiko finalak jokatuko dituzte Nabarnizen
Bizkaiko giza proben hainbat txapelketen finalak jokatuko dituzte domekan [azaroak 22], Nabarnizen. Goizez eta arratsaldez, “final zirraragarriak” izango direla azpimarratu dute Bizkaiko Herri Kirol Federazioko ordezkariek. Txapelketako azkenengo jardunaldi horretan, “indarra, lana eta emozioa” ziurtatuta egongo dira.
12:30ean, giza proben taldekako Bizkaiko Openaren finala lehiatuko dute Urtza HKT, Harrijaso I eta Harrijaso III taldeek. Eguerdiko tartearen ondoren, 17:30ean hasiko dute arratsaldeko jarduna. Emakumezkoen zaku eramate modalitateko Bizkaiko Open finalean Getxo HKTko bi kide ariko dira zein baino zein gehiago: Nerea Sanz eta Esti Meseguer.
Bizkaiko Giza Proba Txapelketako finala, ostera, Markina-Xemeingo Aitor Etxanizek, Zamudioko Eneko Bilbaok eta Erandiko Aitor de la Concepcionek jokatuko dute. Modalitate horretako gizonezkoen Bizkaiko Openaren finalean, berriz, Etxebarriko Markel Egurrola, Urtza HKTko Txutxi Larrazabal eta Getxo HKTko Beñat Amade ariko dira zein baino zein gehiago.