Munduko ume guztien eskubideak eta herrien elkartasuna aldarrikatzeko abestia
Gure haurrak ere badira ekimenak Gure haurrak ere badira abestia kaleratu du, munduko haur guztien eskubideak eta herrian arteko elkartasuna aldarrikatzeko helburuz. Abesti horren bidez, haur guztien eskubideen aldeko elkartasun-sarea ehundu nahi du ekimenak, munduko haur guztiak gure haurrak ere badirela gogoraraziz.
Mitxel Elortza ekimeneko kideak konposatu, eta Idoia Asurmendi eta Watson artistekin elkarlanean sortutako kanta horren bidez, munduko hainbat txokotan haurtzaroa bizitzeko aukerarik ez daukaten umeen egoera ikusarazi eta haien eskubideak aldarrikatu dituzte. Hain zuzen ere, Palestinako haurrak ditu abiapuntu, baina, era berean, munduko hainbat herritako haurren errealitatea eta eskubideak gogoraraztea du helburu: “Gerraren, genozidioaren, indarkeriaren, gosearen eta bidegabekeriaren erdian hazten ari diren haurrak ditugu gogoan; beren etxea, familia, eskubideak eta etorkizunerako itxaropena galtzen ari direnak. Palestinako haurren errealitateari begira sortu da abestia, baina haren mezua harago doa. Palestina, Libano, Siria, Mendebaldeko Sahara, Kuba eta zapalkuntza nahiz bidegabekeria pairatzen dituzten herri guztietako haurrak hartu nahi ditu gogoan. Izan ere, haiek ere gure haurrak dira”.
Musikaren bidez, haur guztiek jolasteko, amets egiteko, maitatuak izateko eta aske bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du Gure haurrak ere badira ekimenak.
Zabalkundea. Abestiaren aurkezpenarekin batera, Gure haurrak ere badira ekimenak herritarrak, ikastetxeak, elkarteak eta bestelako eragileak gonbidatu ditu kanta zabaltzera eta “aldarri kolektibo bihurtzera”. Horretarako, abestia ikasgeletan, etxeetan eta erakundeetan abesteko proposamena luzatu dute, baita kantaren bideoak sare sozialetan partekatzekoa ere, @gurehaurrakerebadira kontua aipatuz eta #HerrienArtekoElkartasuna eta #GureHaurrakEreBadira traolak erabiliz (YouTuben dago eta Instagram bidez ere partekatu daiteke). Izan ere, nabarmendu duten legez, zenbat eta ahots gehiago batu, orduan eta ozenago entzungo da aldarria.