Errigoiti, Bizkaia Kirolur 2026ko udalerririk aktiboenen artean
Kirolur erronkan laugarren sailkatu da Errigoiti, eta zazpigarren postua lortu du Bermeok. 63 udalerrik parte hartu dute, eta denen artean Laukiz nagusitu da.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatua eta Kirolur erronka irabazi duten udalerrietako ordezkariak; eskumatik lehenengoa, Frank Zubiaga Errigoitiko alkatea.Bizkaiko Foru Aldundia Bizkaia Kirolur erronkaren hiru etapak amaituta, sari banaketa ekitaldia egin, eta osotara pilatutako datuak ezagutara eman dituzte: 16.411 parte-hartze egon dira, 142.119 jarduera erregistratu dira eta parte hartzaile denen artean, 1.757.916 kilometro dira oinez, korrika, bizikletaz edo lekualdatze aktiboko beste modalitate batzuen bidez egindakoak. “Herritarren jarduera fisikoa era parte-hartzaile eta kolektiboan sustatzera bideratuta dagoen Bizkaiko Foru Aldundiaren Kirolur 2026 amaitu berri dugu. Bizkaia Kirolaren Europako Lurralde izendatua izan den urte berezi honen harira jarri zen abian udalerrien arteko kirol-liga hori”, adierazi dute arduradunek.
63 udalerri atxiki zaizkio erronkari. Udaberrian, udan eta udazkenean lortutako emaitzak batu ondoren, Laukizko udalerria izan da Kirolur 2026ko udalerririk aktiboena, guztira 70 puntu lortuta, eta Errigoiti laugarren sailkatu da, 45 puntugaz. Aurretik geratu dira Loiu (65 puntu) eta Karrantza Harana (54 puntu). Bermeo ere udalerri aktiboenen artean dago; 27 puntugaz, zazpigarren sailkatu da.
Kirolur hiru alditan garatu da: udaberrian, apirilaren 15etik maiatzaren 15era; udan, ekainaren 15etik uztailaren 15era, eta udazkenean, irailaren 23tik urriaren 23ra. Parte hartu duen udalerri bakoitzak talde bat osatu du eta puntuak batu ditu herritarrek aplikazio mugikor baten bidez erregistratutako kilometro aktiboetatik abiatuta: “Sailkapenean biztanleriaren araberako haztapena txertatu da, tamaina desberdineko udalerrien artean lehiaketa orekatzeko”. Aldunditik emandako datuen arabera, parte-hartzaileen % 46,2 emakumezkoak izan dira, eta 43 urte izan da batez besteko adina: “Datuok ekimenaren helmena erakusten dute, milaka pertsona animatu baitira mugimendua eta jarduera fisikoa txertatzera beren eguneroko bizitzan”.
15.000 euro banatu dituzte postu onenak lortutako udalerrien artean, eta jakinarazi dute kopuru horiek udalek kudeatuko dituztela, “beren ohiko prozeduren arabera, tokiko klubentzako kirol-materiala erosteko”, eta adierazi dute sari horiei esker, baloiak, sareak eta bestelako baliabideak eskuratu ahal izango dituztela kluben eguneroko jarduera “sostengatzeko” eta, erronkan zehar egindako ahalegin guztiari segida emanez, udalerrietan kirola egiten jarraitzeari begirako “aukera berriak sortzeko”.
Laukizek 7.500 euro jaso ditu, honela banatuta: udaberria (1.200 euro), uda (900 euro), udazkena (2.400 euro) eta sailkapen orokorra (3.000 euro). Errigoitik, sailkapen orokorrean izan duen posizioagatik, 480 euro jaso ditu. Sailkapeneko lehenengo hirurek jaso dituzte etapetako eta sailkapen orokorreko kopuruak.
Bizkaiko Foru Aldunditik udalei, klubei eta parte-hartzaile guztiei eskertu diete izandako inplikazioa: “Ahalegin handia egin dute ekimena jendarteratzen eta herritarrak oinez, korrika zein pedalez ibiltzera eta aktibo jarraitzera animatzen”. Erronkaren arduradunen berbetan, Kirolur 2026 hiru etaparen ondoren amaitu da, baina egindako kilometroek, bereganatutako ekanduek eta klubetara iritsiko diren materialek “bere bultzada Bizkaiko udalerrietan jarraitzea posible egingo dute”.