Aurtengo Tripontzia eskuratzen dutenek Gure Eskuren egutegi digitala jasoko dute
Tripontziaren aurtengo aldia aurkeztu du gaur Gure Eskuk.Gure Esku Tripontziaren bidez aurten bildutako diruarekin lagunduko dituzten proiektuak aurkeztu ditu Gure Eskuk gaur [azaroak 18]: Baztanen eta Oarsoaldean martxan jarriko duten Heko tokiko moneta; Zazpiak Bat-Euskal Herria Kultur elkarteak kaleratutako Euskal Herriko puzzlea eta Euskal Herria Batera elkarteak Aberri Egunari buruz plazaratuko duen liburua.
Euskal Herriko taberna eta denda askotan eskuratu daiteke Tripontzia, baita Internet bidez, bere atarian ere. Gainera, eskuratzen dutenek Gure Eskuren egutegi digitala jasoko dute. Sari nagusia irabazten duenak 30.000 euro jasoko ditu (zenbakia eta seriea) eta 1.500 euro jasoko dituzte zenbaki horretako gainerako serieak dituztenek. Bigarren saria dutenek (zortzi serieak) 1.000 euro irabaziko dituzte.
Tripontzia Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko ekimenak laguntzeko tresna dela gogoratu du gaurko agerraldian Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak: “Tripontzia zozketa ederra da, eta sari politak ekartzen ditu beti urte bukaeran. Baina hori baino askoz gehiago ere bada”. Gure Eskuren diru-iturri nagusietakoa da, eta hari esker egin dituzte, besteren artean, Pirinioetako Bidea, Bilboko iazko mobilizazio nazionala, aurtengo Zazpi jauziz, herri bat eta Konferentzia Subiranista: “Baina ez hori bakarrik; beste eragile batzuen egitasmoak ere finantzatzen ditu, eta ikas-bidaiak edo zenbait eskola-jarduera finantzatzeko oinarria ere bada”.
Etxaburuk adierazi legez, komunitatea egiteko tresna ere bada Tripontzia, eta hura bultzatzeko dei egin du: “Zazpiak Bat kontzeptua, euskal identitarekiko atxikimendua, burujabetza ariketa praktikoak… sustatu behar direla uste dutenei Tripontzia eskuratzeko eta bultzatzeko dei egin nahi diegu”. Ildo beretik, lankidetzaren garrantzia nabarmendu du; izan ere, azken urteotan elkarlanaren ildoa “indartu” du Gure Eskuk: “Euskal Herrian, burujabetzaren eta naziogintzaren esparruan diharduten eragile asko gaude, eta ezinbestekoa da sinergiak bilatzea eta elkarri laguntzea; zeresanik ez, gaur egungo testuinguru politikoan”.