Mestikabasoko kirol gune berritua, erabilgarri
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala Gernika-Lumok kirola egiteko instalazio berritua dauka. Gernika-Lumoko Udalak amaitutzat eman ditu Mestikabaso eta Lapurdi Kalea inguruko kirol gunea estali eta hobetzeko lanak, eta instalazio berriak erabilgarri daude dagoeneko.
Udalak 1.032.562,24 euroko inbertsioa egin du kirol gunearen eraldaketarako, eta kirol-pista eta estalkia instalatzea izan dira gauzatu diren jarduketa nagusiak: “Esku hartzeari esker, kirol espazio hori eraldatu ahal izan da, instalazioak hobetzeko eta herritarrek erabiltzeko aukerak handitzeko jarduera integral baten bidez”, azpimarratu dute udaletik. Egitura berria “eguraldi txarretik babesteko” diseinatuta dago eta, nabarmendu dutenez, Mestikabasoko inguruneari “balioa” emango dio. Halaber, inguruko etxebizitzekiko “errespetuzko ikusmen-integrazioa” bilatu da.

Argazkia: Gernika-Lumoko Udala
Kirol pista eta estalkiaz gain, Mestikabasoko kirol gune berriak kalistenia eremu berria ere badu, barrak, paraleloak eta entrenamendu funtzionalerako elementu espezifikoak biltzen dituena. Gune berri horrek udalerriko aire zabaleko kirol “eskaintza zabaltzea” ahalbidetuko du.
Horrez gain, argiztapena hobetzeko, zoladura egokitzeko eta sarbideak berrantolatzeko lanak ere egin dira. Drainatze sistema berriak” ere ipini dituzte “uraren ebakuazioa errazteko” eta ingurune berritua hiri altzari berriekin jantzi dute, “ingurune osoaren erabilera erosoagoa eta funtzionalagoa” izan dadin.