Azken barikuko azken elkarretaratzea egingo du Gernika-Lumoko Sarek
Borroka amaitu ez duten arren, azaroaren 27an egingo dute ekimen iraunkor honen azken aldia. Elkarretaratzearen ostean elkartasun afaria egingo dute Astran; txartelak salgai daude jada.
Azken azken barikuko elkarretaratzera joateko deia egin dute.Gernika-Lumoko Sare Urte luzez egin bezala, azaroko azken barikuan ere elkarretaratzea egingo du Gernika-Lumoko Sarek, baina oraingoan, azken barikuko azken elkarretaratzea izango da —abenduko elkarretaratzea ohiko Gabon zaharretako manifestazioagatik ordezkatzen dute—. Hala, azaroaren 27an, 20:00etan, ohi bezala Pasealekuko eskaileratan elkartuko dira, ekimen iraunkor honi amaiera emateko asmoz: “Etxeratzearen alde dauden jende ororen ekimena izatea nahiko genuke”.
1999tik mobilizazio eredu bera eduki badute ere, testuinguru ezberdinak igaro eta gainditu dituzte tartean. Mobilizazio eredu horri amaiera emango dioten arren, Sareko kideek azpimarratu dute borroka ez dutela hor amaituko: “Garrantzitsua da azpimarratzea euskal preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea erabat gauzatu arte mobilizatzen jarraituko dugula. Hori, ziur”.
Izan ere, nabarmendu dute gaur egun preso, iheslari eta deportatuek existitzen jarraitzen dutela: “Gaur egun dauden 110 preso, hamahiru iheslari eta hiru deportatuen existentziek ohartarazten digute euskal gatazkaren ondorio honek konpondu gabe jarraitzen duela, eta beraz, elkarbizitza eta bake eszenatokia eraikitzeko urjentziazkoa dela haren desagerpena”. Halaber, adierazi dute horretan lanean jarraituko dutela, eta ildo mobilizatzailea helburu hori lortzeko egokituko dutela.
Txartelak, eskuragarri. Hori horrela, azken azken barikua “berezia” izatea nahiko lukete Sareko kideek. Ondorioz, elkarretaratzearen ostean Kittu taldearekin kalejira egingo dute, eta eguna elkartasun afari batekin amaituko dute, Astran. Afarirako txartelak eskuragarri daude jada 25 euroren truke Arrano tabernan eta Astran (langabetu eta ikasleentzat, 20 euroren truke); arrain zopa, sukalkia eta pantxineta jango dituzte, kafea, ogia, kopa, ura eta kriantzaz gain. Azaldu dutenez, afaritik ateratako etekina euskal presoen beharrizanei erantzuteko erabiliko dute.
Era berean, gogorarazi dute abenduaren 31ko ohiko Gabon zaharretako mobilizazioaren antolaketan murgilduta daudela, eta ekimen guzti horien bitartez deia egin nahi dietela herritarrei Sare Herritarrak urtarrilaren 9an Bilbon egingo duen mobilizaziora joateko: “Ekimen guzti hauek urtarrilaren 9ko mobilizazioa indartu eta ahalik eta bultzadarik handiena ematera bideratu nahi ditugu. Beste behin, euskal gehiengoaren nahia islatuko da bertan, hau da, euskal preso, iheslari eta deportatu denen erabateko etxeratzea gauzatzea. Hori horrela, deia egiten dizuegu ekimen guzti hauetan parte hartzera”.

Azken azken barikuko elkarretaratzera joateko deia.Gernika-Lumoko Sare