"Kaltzadan ez dago inor soberan"
Kaltzada egoitzako langileek zuzendaritza taldearen azken erabakien ondorioz "bi lanpostu galduko" direla salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean [azaroak 16]. LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, egoitzak bi lanpostuak amortizatuko ditu datorren urtean.
Kaltzada egoitzako zuzendaritza taldearen erabaki berrien ondorioz “bi lanpostu galduko direla salatu dute egoitzako langileek gaur arratsaldean, LAB sindikatutik deituta, egoitza aurrean elkarretaratzean bilduta. Horren gain, sindikatutik egindako kartel eta mobilizazio deialdiaren harira zuzendaritzak egindako “irakurketa partziala” ere mahaigaineratu dute.
Sindikatutik argitu dutenez, datorren urtean egoitzan lanak egitea aurreikusi dute, gela batzuk egoiliar birentzat izatetik indibidualak izatera igaro asmoz. Esku-hartzearen ondorioz 10 egoiliar gutxiago hartuko lituzke egoitzak aurrerantzean: “Zuzendaritzak hartutako erabaki berriekin bi lan postu galduko dira. Nola? Amortizatu egingo dira. Lanpostu hauetan dauden langileen kontratua bukatzen denean ez dituzte ordezkatuko. Elkarretaratzean batuta, “Kaltzadan ez dagoela inor soberan” aldarrikatu dute gaur.
Salatu dutenez, zuzendaritza taldeak egin gura dituzten lanen berri eman die egoiliarren familiei, baie “ez die jakinarazi bi langile gutxiago” egongo direla. Sindikatuak deituta langileak mugitzen ikusi dituztenean ordea, “langileek bi pertsona kaleratuko dituztela diotela baina ez dela egia” helarazi diote familiei: “Ez dituzte botako, baina bi langile gutxiago egongo dira egoiliarren beharretarako, bi langile horiek ez dituztelako ordezkatuko”.
Amortizazioak bi langile gutxiago utziko ditu egoitzan, eta sindikatutik nabarmendu dutenez, horrek “zaintzarekin negozioa egiten dabiltzala agerian uzten du: “Lan postu hauek desagerraraziz irabaziekin jarraitu ahal izateko, lan karga eta lan zama lanean jarraituko duten langileen gainean jartzen da, hau da, egun jasangaitza den erratia eta erritmoa handituz. Langileen lan osasunarekin jolastuz”.
Halaber, ELA sindikatua ere interpelatu dute LABetik, salaketa “elkarrekin egitea proposatu baitzien ordezkariei: “Gurekin batera salaketa egiteko eskatu genien, bai publikoa bai langileekikoa, baina ez da posible izan, ez baitute egin nahi.
Grebarako deia.
ELAk Bizkaiko egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektoreko hiru greba eguneko deialdia erregistratu zuen Jaurlaritzan: azaroaren 19an [eguena], abenduaren 17an [eguena] eta urtarrilaren 21ean [eguena]. Aldarrikapen nagusien artean dituzte, besteak beste, langile taldeak indartzea, lan kargak murriztea, enplegu egonkorra eta lanaldi osokoa bermatzea, soldatak IFASeko langileen pare jartzeraino hobetzea eta asteko lanaldia 32 ordura murriztea.
ELAk “aldebakartasunez” grebara deitzeko hartutako erabakiagaz “haserre” agertu zen LAB; halere, “ardura sindikalagatik eta Bizkaiko erresidentzietako langileen borroka indartzeko asmoz, egun horietan ere greba deitu dute: “Orain da unea, eta horregatik ez dugu onartuko inork bere interes korporatibo eta ekonomikoak langile-klasearen interesen aurretik jartzea. Orain da ekiparazioaren eta ratio duinen alde borrokatzeko unea; izan ere, horiek ahalbidetuko digute duintasunez lan egitea eta Bizkaiko erresidentzia pribatuetako erabiltzaile guztiei kalitatezko zerbitzua bermatzea, gaur egun helburu horretatik oso urrun baikaude”.