Joan-etorriko zuri-beltzak
Eusko Australiar Alkarteak Australiatik etxera itzuli zirenen seme-alaben ahozko lekukotzak bildu ditu, eta Euskal Diasporaren Artxiboan gordeko dira.
Asko izan ziren garai batean Euskal Herritik Australiarako bidea hartu zutenak, eta horien guztien testigantza eta bizipenak biltzeko helburuagaz lanean dihardu Eusko Australiar Elkarteak hainbat urtez. Hainbat proiektu garatu dituzte azken urteotan, hala nola Basques in Australia erakusketa ibiltaria, Australiara emigratu zutenen erregistroa izango den liburu-bilduma edota etxera itzuli ziren euskal australiarren urteroko bazkaria. Oraingoan baina, Euskal emigrazioa Australiara: euskal emigrante erretornatuen seme-alaben ahozko lekukotzak jasotzea proiektua osatu dute, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzagaz burutu dutena.
Proiektuaren helburuak elkartearen beraren xedeagaz bat egiten duela nabarmendu dute Eusko Australiar Alkartetik: “Australiara emigratu zuten euskaldunen memoria historikoa ikertu, berreskuratu eta jakitera ematea“. Horretarako, Australiatik itzuli zirenen seme-alaben —bertan jaio eta gurasoekin Euskal Herrira etorri zirenen— lekukotzak ahoz jasotzea erabaki zuten, gurasoen jatorrizko gizartean, kulturan eta ekonomian integratzeak horiengan izan zuen eragina aztertu eta “talka globala” ezagutu eta ulertzeko: “Emigrante horien seme-alaben bizitzak jasotako talka kulturala, globalizazio prozesuen eta mundu bitan bizi izanaren isla dira. Bi kulturek bat egiten dutenean sortzen diren tentsio eta alde onak ulertzeko modua da proiektua; emigranteen ikuspuntutik ez ezik, gizarte hartzaileenetik ere bai. Lekukotzek belaunaldien arteko eraginak, belaunaldi berriek euren gurasoek bizi izandakoarekiko harremana eta migrazio prozesuek, ez bakarrik emigranteei, ondorengoei ere eragiten dietela ulertarazten laguntzen dute”, adierazi dute Eusko Australiar Alkartetik.
Horrez gain, Australian belaunaldi arteko euskal kulturaren transmisioaren xehetasunak ezagutzeko ere balio izan die proiektuak, baita sorterrira itzulitako euskal australiarren ondorengoen “identitatearen eraikuntza ikertzeko” ere. Horretarako pertenentzia sentipena eta Euskal Herriaren zein Australiaren “eragin kulturalak aztertu” dituzte.
27 elkarrizketa
Urrian amaitu zuten proiektuan 27 elkarrizketa egin dituzte bideo edota audio formatuan eta, horrez gain, argazkiak eta bestelako material osagarria ere jaso ahal izan dute, dokumentuak eta objektuak, esaterako: “Guztia erantsi da proiektuan”, zehaztu dute elkartekideek.
Elkarrizketei dagokionez, hamasei euskaraz egin dituzte eta gainerako 11k, berriz, gaztelaniaz. Jasotako testigantzen artean “12 gizon eta 15 emakumerenak” bildu dituzte. “Katalogazioa egin da eta dena Euskal Diasporaren Artxiboan gordeko da”, nabarmendu dute.
Aurreratu dutenez, proiektuaren berri emateko aurkezpen bat egingo da eta horretan Eusko Australiar Alkarteko kideez gain, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak, eta proiektuko “protagonistak” diren eusko australiarrek parte hartuko dute. Data oraindik “zehazteke” dute.