Sortzaileen lana zabaldu eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzera dator DA!PRO topaketa
Azaroaren 24an eta 26an egingo dituzte musika eta haurrentzako ikuskizunak eskaintzen dituzten sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen topagune izango diren topaketak. Programatzaileek azaroaren 23ra arte [astelehena] izena eman dezakete,
Durangoko Azokaren atarian, musika eta haurrentzako ikuskizunak eskaintzen dituzten sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen topagune izango aurten ere DA!PRO topaketa. Aurtengoa zortzigarren aldia izango da, eta azaroaren 24an [martitzena] eta 26an [eguena] egingo da. Bertan, euskarazko proposamenak aurkeztuko dituzte eta kultur zein euskara teknikariek, liburutegietako dinamizatzaileek eta jai antolatzaileek horiek beraien egitarauekin bat etor daitezkeen aztertzeko aukera izango dute.
Topaketa Gerediaga Elkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro elkarteak eta Bizenta Mogel liburutegiak antolatzen dute, eta bi helburu nagusi ditu: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea.
Abenduaren 4tik 8ra egingo den 61. Durangoko Azokak sorkuntzaren atzean dagoen lanean ipini nahi izan du fokua aurten, “ezinbestekotzat” baitute Kulturaren Jaialdi gisa aldarrikatzen duten azokaren jarduna lau egunetatik harago zabaltzea. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak adierazi legez, “DA!PRO kultura gizarteari bueltan emateko eta euskara indartzeko bide bat ere izan daiteke”. Programatzaile eta teknikariek kultura herritarrengana hurbiltzeko egiten duten “lan garrantzitsua” balioan jarri eta DA!PRO topaketa beraiei zuzenduta dagoela gogoratu du. Hala, programatzaileek azaroaren 23ra arte [astelehena] izango dute izena emateko aukera, durangokoazoka.eus atariko izen-emateen atalean.
Musika eta haurrentzako ikuskizunak eskaintzen dituzten sortzaileen elkargune bada ere, topaketak bakarka antolatzen dira urtero: haur ikuskizunen arloko topaketa Berbaro Elkarteak antolatuko du eta, musikaren ingurukoa, berriz, Musika Bulegoak. Jasotako proposamenak bi katalogotan banatu eta programatzaileen eskuetan ipiniko dituzte antolatzaileek.
Azaroaren 24an [martitzena] egingo duten haurrentzako ikuskizunei eskainitako jardunaldian “askotariko diziplina eta formatuak” uztartzen dituzten hamar proposamen aurkeztuko dira, hala nola, ipuin-kontaketa, bertsolaritza, antzerkia eta txotxongiloak. 09:30ean ipini dute hitzordua, Bizenta Mogel liburutegian.
Zehaztu dutenez, proposamenok 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo dira, batzuek adin tarte zabalagoetara egokitzeko aukera eskaintzen badute ere. Aurten hamar proposamen hautatu dituzte: “Euskal sorkuntza ezagutarazi, harremanak sortu eta proposamen horiek gure herrietako plaza, jai eta antzokietako programazioetara iristeko bultzada eman nahi dugu”, azaldu du Itxasne Arabiourrutia Berbaro Elkarteko kideak.
Kultura, ikuskizun bat ikusi edo jarduera jakin batean parte hartzeaz harago, “esperientziak partekatzea” ere badela deritzo Arabiourrutiak: “Jakin-mina piztea, irudimena garatzea, galderak egitea, emozioak adieraztea eta besteekin harremanak eraikitzea ere bada kultura”. Horregatik, DA!PROn aurkeztuko diren proposamenekin “sormenaz gozatzeko ez ezik, ikasteko, hausnartzeko eta elkarrekin bizitzeko aukerak” zabalduko dituzte.
24 musika proposamenen.
Musika proiektuen topaketa, ostera, azaroaren 26an [eguena] egingo dute, 09:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean. 24 izan dira aurten DA!PRO topaketara aurkeztu diren proposamenak eta, antolatzaileen berbetan, “gure musika-eszenaren aniztasuna eta indarra erakusten dute”. Andrea Goikolea, Ane Martija, Azax, Bakelite, Bafi etxeko loturak, Gar, Garazi Esnaola, Lanbro, Mirari eta Rig3l izen dira aukeratutakoak.
Estiloei dagokionez, popak eta pop-rock proposamenak %41,7 osatzen dutela aurreratu du Ruth Manzano Musika Bulegoko ordezkariak. Rockak eta metalak %25 osatuko dute eta hiri-musikak eta folkak, ostera, %8,3 bakoitzak. Gainerako %16,7a jazzaren, musika klasikoaren, elektronikaren eta kantautoretzaren artean banatzen da. “Aurkeztutako proiektuen %80 nobedade gisa identifikatu dira”, zehaztu du Manzanok.
Datuak eskuan, “gure musika-eszena bizirik” dagoela deritzo Musika Bulegoko ordezkariak: “Sorkuntza berriak etengabe sortzen dira eta euskarak presentzia handia du askotariko musika-estiloetan”.
Halaber, gogoratu dute DA!PRO ez dela proiektuak ezagutarazteko erakusleiho hutsa, sektoreko profesionalekin harremanak sortu, proiektuei ikusgarritasuna eman eta ibilbide profesionalei bultzada emateko aukera ere eskaintzen baitu: “Horixe da elkarlan honen baliorik handiena: gure musika-eszenaren etorkizuna eraikitzen laguntzea, sortzaileei aukerak azalduz”, ebatzi du Manzanok.
MusikaGaz Fest.
2027ko urtarrilaren 30ean ospatuko da Amorebieta-Etxano Udalak antolatutako MusikaGaz Fest jaialdiaren 5. aldia eta, aditzera eman dutenez, eguneko egitaraua DA!PRO topaketako proposamenekin osatuko du; hau da, azaroaren 26ko topaketan parte hartzen duten musikariak hautatuak izateko aukera edukiko dute.
“Guretzat ez da nahikoa talentu berria badagoela erakustea, talentu horrek aurrera egiteko aukerak izatea nahi dugu”, azpimarratu du Manzanok. Horregatik, topaketak Gerediaga Elkarteagaz zein Amorebieta-Etxanoko Udalagaz lankidetzan garatzearen garrantzia nabarmendu du: “Lankidetza horri esker, erakundeen arteko elkarlana ekintza zehatz bihurtzen dugu, eta, batez ere, sortzaile berriei benetako aukera profesionalak eskaintzen dizkiegu”.
AUKERATUTAKO PROIEKTUAK:
- HAURREI ZUZENDUTAKO PROPOSAMENAK:
- Ortzi-mugaren bi aldeak (Ameli ipuin kontalaria)
- Hitzekin jolasean (Tauletak Antzerki Taldea)
- Bertso jasa bat-bateko jolasa (Lanku)
- Txuri-beltza da ta (Lanku)
- Otsoko eta Xixili (Lanku)
- Desberdinak gara eta harro gaude (La Enananaranja)
- 3 Elementu – 360 graduko esperientzia murgiltzailea (Hodei produkzioak)
- Ameztu antzerkia (Nai Imaginazioak)
- Kay Robot (Ameztu antzerkia)
- MUSIKA PROPOSAMENAK:
- Andrea Goikolea
- Ane Martija
- Azax
- Bakelite
- Bafi etxeko loturak
- Gar
- Garazi Esnaola
- Lanbro
- Mirari
- Rig3l