Etxebizitzaren gaia jorratzeko saioak egingo dituzte Busturian
Busturiko Auzholan herritar taldeak, Otsozulo Gazte Asanbladarekin elkarlanean, etxebizitzaren gaiari buruzko lanketa egiteko, zenbait hitzaldi antolatu ditu datozen asteetarako: “Ekimen hau aurrera ateratzeko, Busturiko Otsozulo Gazte Asanbladarekin bat egin dugu, Auzholanen helburua elkarlana bultzatzea delako. Dinamika hau greba aurreko dinamika legez planteatu genuen, ekarpen baten modura. Etxebizitzaren problematikaren inguruan Busturian eztabaida sortzea zen gure asmoa”.
Hiru hitzaldi prestatu dituzte, eta horietan lehenengoa, Etxebizitza krisia eta espekulazioa deritzona, azaroaren 16an (astelehena) izango da, 18:30ean, Otsozulo Gaztetxean. Lehenengo hitzordu horretarako Ahoztar Zelaieta gonbidatu dute, eta hark El salto argitalpenerako egindako ikerketa hizpide izango dute: “Eusko Jaurlaritzaren datu baseak aztertu ditu horretarako, eta eskualdeari buruzko datu esanguratsuak aurkitu ditu; turismoagaz eta etxebizitza turistikoagaz loutako pertsona eta enpresa batzuk zerrendatu ditu”.
Bigarren hitzaldia ere ikerketa batean oinarritutakoa izango da. Bittor Ruedak, bere master amaierako lanean, Busturiko gazteriak herritik kanpo alde egiteko dauzkan arrazoiak aztertu ditu, baita etxebizitza lortzeko dauzkan zailtasunak ere, eta emaitza “oso interesgarriak” utzi ditu: “Betidanik entzun dugu badagoela migrazio behartu bat, etxebizitza gabeziagatik. Duela hogei urtetik, gazteak alde egiten ari dira”. Azterlan hori osatzeko, ikerketa estatistikoa egitez gain, hamahiru elkarrizketa egin ditu; Busturiko belaunaldi ezberdinetako herritarrekin elkartu da: “Ikerketa egin ostean, horren emaitzak eta ondorioak zabaltzeko asmoa eduki genuen, eta gero etorri zen greba deialdia eta etxebizitza-krisiaren aurrean sortu den dinamika sendo hau”.
Hirugarren saioan, Iñigo Alonso LAB sindikatuko kidea izango dute hizlari. Erandioko Los ochos etxebizitza blokearen etxegabetzearen kasua azalduko du, “borroka ereduen inguruan, azken urteetako ekimen ezberdinek emandako ikasbidea”. Borroka hori bertatik bertara ezaugutu zuen, eta hitzaldiaren antolatzaileen hitzetan, ekarpen interesgarria izango da: “Etxebizitza krisiaren aurrean erabiltzen ari diren borroka moldeak transmititzea oso garrantzitsua iruditu zitzaigun”.
Ruedaren eta Alonsoren hitzaldien datak ez dituzte zehaztu, baina ipini ahala iragarriko dituztela adierazi dute: “Dinamika guzti hau grebarako ekarpen moduan egitea zen asmoa, baina egutegi kontuengatik ezinezkoa izan da. Beraz, greba pasatuta ere, eztabaida honekin jarraituko dugu, badagoelako zer landu eta hausnartu. Garrantzitsuena da gauzak ondo egitea, eztabaida hori lortzea eta jendeak parte hartzea“.