Inklusioan eragiteko ilusioz betetako begiradak
Ilusioz betetako begiradez bete dira Hazitoki Topaketak aurten ere. Goizetik iluntzera bitartean, askotariko jarduerak egin zituzten atzo, Gernika-Lumoko Merkatu plazan. «Inklusioa praktikan jartzeko eta komunitatea sendotzeko» topaketak dira, eta horien bitartez, aniztasunaren eta inklusioaren inguruko sentsibilizazioa zein herritarren arteko harremanak eta komunitate-sarea indartzea bultzatzen dute Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolakoek gidatuta.
Goizetik tailerrak eta eskulanak egiten ibili ziren plazan, eta eguerdian, berriz, Lizeo Antzokira kalejiran hurbildu, eta Bapatean Zirko konpainia arabarraren Pon eta Pa ikuskizunean elkartu ziren. Bazkalostean, Galdakao TEAyuda elkartekoen eskutik, ordu lasaia eduki zuten, zentzumen-tailerrak eman zituzten, eta 17:00ak aldera hasi zuten eguneko ekitaldi nagusia: zirku gala. Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolako, Igorreko Izarren Hautsa taldeko, Barakaldoko Zirkodomoa eskolako eta Gasteizko Azirkarte elkarteko kideek emanaldi ederra eskaini zuten.
Hazitoki Elkarteko kideek jardunaldiaren balorazio oso positiboa egin dute: “Oso pozik gaude, eta jendearengandik ere mezu positiboak jaso ditugu. Jendeak nabarmendu du gala polita eta hunkigarria izan zela, eta aurreko urteetan baino maila altuagoa egon zela parte hartzaileen artean”. Hain zuzen ere, behar bereziak dituzten pertsonen garapena ikusarazteko ere balio izan dute topaketek: “Behar bereziak dituzten pertsonek urtez urte nolako lana egiten duten ikusi dute askok, eta hori ikusaraztea da gure helburua”. Parte hartzeari dagokionez, aurreko urteekin alderatuta, erantzun apalagoa eduki dute oraingo honetan: “Aurreko urteetan baino jende gutxiago egon zen orokorrean. Adibidez, arratsaldean euskarazko filma eskaini zuten Lizeo Antzokian, eta uste dugu horrek eragina eduki zuela; izan ere, aurreko urteetan arratsaldeko gala bete-beteta egon izan da, eta aurten ez da horrela izan. Hala ere, jende gutxiago egon arren, jendea oso gustura egon zen”.
Jende gutxiago elkartu bada ere, ekarpenei esker, helburu ekonomikoa ere bete dute, eta 500-600 euro artean lortu dituzte— iazko aldian 600-700 euro artean lortu zituzten— . Norbanakoen, familien zein laguntzaile eta babesleen laguntza eta ekarpenak eskertu dituzte Hazitoki Topaketen arduradunek:”«Urtero esaten dugun moduan, jendeak emandako guztia eskertzen dugu. Gure proiektua laguntzaileekin, babesleekin finantzatzen da, eta horiek ere oso ondo portatu dira gurekin”.
Eskuz esku, begiradaz begirada, eta bultzadaz bultzada, komunitate sarea indartu dute Hazitoki Topaketek, eta inklusioa oinarri, bide horretan jarraituko dute eguneroko lanagaz eta ilusioz eta indarrez betetako bihotz taupadak gidari dituztela.