Egun batez, jamaikar erroetara atzera jauzia
Argazkia: Gerniska Rudelari Taldea Adin guztietako reggae eszenako eragile eta lagunak batzeko asmoz sortu zuten Gerniska Rudelari Taldekoek Rudelari Eguna duela hamasei urte, eta hitzorduak bizi-bizirik jarraitzen duela argi geratu zen zapatuan [azaroak 7], Rudelari Egunaren hamalaugarren aldian. Antolatzaileek lehen balorazio “positiboa” egin dute eta, oraindik batu eta azterketa sakonagoa egiteke badute ere, datorren urtean ere jaialdia ospakizuna antolatzea “posible” dela aurreratu dute.
Ohi legez, ska zale taldeak bidelagun izan dituen tabernetan Poteo Sound System saioan batuta ekin zioten egunari. 13:00etan zuten hitzordua ipinita eta, pixkanaka bertaratzen hasi ziren rudelariak, urtero batzen direnak agurtu eta estreinako bertaratu direnak ezagutzeko aprobetxatuz. Aterpe tabernan amaitu zuten Girl Power Set List bereziak lagundutako poteoa, bertan bazkaldu baitzuten. Aurtengoan “40 lagun inguru” bildu dira indaba janean eta, antolatzaileen hitzetan, “giro ona” izan zen protagonista.
Aterpen egin zuten eguneko lehenengo kontzertua ere eta, hasiera batean Exitus Band talde bermeotarraren kontzertua kanpoaldean egiteko baziren ere, azkean taberna barrura lekualdatu zuten: “Euririk egin arren kontzertua taberna barruan egitea erabaki genuen. Orduan bai, bazkaritik kanpoko jende pila bat heltzen hasi zen, beste 40 edo 50 lagun batu ziren gutxi gorabehera”.
Astran izan zuen jarraipena jaialdiak baina, jendea tabernatik kulturgunera mugiaraztearen ondorioz sortutako atzerapenak direla eta, emanaldiak apur bat atzeratu ziren: “Hasieran apur bat kostatu zitzaion jendeari hurbiltzea, eta kontzertuak hogei minutu atzeratu ziren”. Uribe Kostako Mrs. Klams talde gaztearen kontzertua izan behar zen gaueko lehenengoa, eta The Storninos errioxarrena, bigarrena. Antolatzaile eta artistek baina, ordena aldatzea adostu zuten: “Beraiek nahiago zuten aldaketa egitea eta guretzat ere, Logroñoko taldearen musika geldoagoa denez, bizkortasunari, martxosoenari garrantzia eman eta giroa mantentzea ahalbidetu zigun”, zehaztu dute deitzaileek. 120 lagun inguru iza ziren reggae doinuez gozatzeko Astrara bertaratutakoak. Jaia goizaldera arte luzatzearen ardura Algorta Boss Reggae kolektiboarena izan zen.
Emakumeen presentziak gora.
Gerniskakoen lehen balorazioa positiboa da, batik bat betikoez gain, “jende berri askok” parte hartu duelako aurten Rudelari Egunean. Horren gain, emakumeen presentzia ere nabarmendu dute: “Genero aldetik ere aldaketa bat nabaritu genuen. Beti etorri dira bai emakumezkoak, bai gizonezkoak baina aurten nesken ehunekoa nahiko handitu dela sumatu dugu”.
Adinari dagokionez ere jende “gaztegoa” hurbildu da aurten: “Gazteak etorri ziren; agian ez nerabeak, baina bai 25-30 arteko jendea. Ez genuen espero, azken urteetako batez bestea zertxobait zaharragoa izan delako, 30-40 edo 40 urtetik gorakoena”.
Azken balantzea egiteke badute ere, azken bi urteetan egin legez, hamabosgarren alde hipotetiko batean azaroko hitzorduari helduko lekieke rudelariek, jasotako erantzunagaz pozik baitaude.