Bizkaiganeren 'Elur maluta' pasta biguna, Euskal Herriko gaztarik onena
Bizkaiganeko Markel Enzunza sari nagusia jasotzen zapatuan, Tolosan.Irekia ESNEKIren bosgarren edizioan, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezian, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Txapelketa jokatu zuten zapatuan, Tolosan, eta sari nagusia lortu zuen Errigoitiko Bizkaigane Elkarteak.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 35 gaztandegitako 91 produktu aurkeztu dira, zortzi kategoriatan banatuta: gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ardi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, jogurtak eta behi-esne pasteurizatua. Kategoria bakoitzeko irabazleen artean hautatu zuten txapeldunen txapelduna, hau da, Euskal Herriko Gazta Onenaren izendapena jaso duen produktua: Bizkaiko Errigoiti herriko Bizkaigane gaztandegiaren Elur maluta pasta biguna.
Gainontzeko kategorietan, honakoak izan ziren garaileak: Gazta freskoaan Askibil; Behi gaztan Pirineki; Ardi gaztan Aizpea; Ahuntz gaztan, Egotza; Urdinean, Soloitza; Yogurrean, Sabekoetxea eta Esnean, Pirineki.
Bizkaigane Elkartekoen hitzetan, lurra, animaliak, eta lanabes horiekin lan egiten dutenentzako saria da, eta sariaren atzean daude Bizkaigane izan diren, gaur egun diren eta etorkizunean izango direnen “bihotza”. Era berean, elikadura burujabetzaren aldeko mezua helarazi dute: “Honek erakusten diguna da bide egokian gabiltzala, eta saria errekonozimentu bat baino ez da. Gure bidea elikadura burujabetza da eta horretan jarraituko dugu”. Sari banaketa ekitaldia amaituta Markel Enzunzak adierazi zuenez, saria “oso berezia” da. Bizkaigane Elkarteak 40 urte daramatza sektorean, eta “salmenta zuzenaren aldeko, eraldatzearen aldeko eta dibertsifikazioaren aldeko” apustua egin du beti: “Gazta hau da gure dibertsifikazioaren apustu bat; zortzi urte daramatzagu gazta hau egiten, eta gazta honen atzean hamabi pertsona daude. Asko maite ditut nire kide guztiak, eta beraiei esker lortu dugu sari hau”. Kategoriako sariren bat lortzea espero zutela aitortu zuen; iaz aurkeztu ziren lehenengoz, eta hirugarren sailkatu ziren.
Behi-gaztari balioa eta errekonozimendua emateko baliagarria da saria; izan ere, Enzunzak esan bezala, ardi gazta nabarmendu ohi da denen artean: “Behi esnearekin egindako pasta bilgun batekin irabaztea ez da ohikoa; Euskal Herrian beti ardi gazta, Idiazabala izan da jendeak gehien eskatu duen gazta. Behiekin lan egiten dugun talde bat bagabiltza erakusten badaudela behi esnearekin egindako gazta batzuk oso-oso onak izan daitezkeenak”.
Hiru ardatza nagusi dauzka Bizkaiganek: lurraren zaintza, animalien ongizatea eta lurrarekin eta animaliekin lan egiten duten pertsonen bizi baldintza ahalik eta duinenak mantentzea. Eta hori guzti hori dago aurtengo Euskal Herriko gazta onenaren atzean: “Eta sekretua belarra eta natura da; hori dago gazta honen atzean, belarra eta natura“.