Aitor Mendiluzek irabazi du Gernika-Lumoko finalaurrekoa
713 puntu eskuratuta, Aitor Mendiluze andoaindarrak irabazi du Gernika-Lumon lehiatu duten 19. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa. Zapatuan Miarritzen jokatuko dute lehen itzuliko azken finalaurrekoa.
Aitor Mendiluzek irabazi du Gernikako finalaurrekoaBertsozale Elkartea Kaixo Gernika, ze moduz zaude/final berriko atari/txapelketako bertso moldian/ez badiltzanez bat ta bi /nik sukaldetik begiratzen diot/aurtengo txapelketari/nahiz piper berde italino / hori nagusitze ari / bere tokia eman nahi diot / Gernikako piperrari. Zortziko handikoagaz zabaldu zuen Agin Laburu Rezola bertsolariak herenegun [azaroak 7] 19. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotakuan. Abenduaren 20ko final handia azken muga, oholtzan lagun izan zituen Joanes Illarregi Marzol, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola, Aitor Bizkarra Ruiz eta Aitor Mendiluze Gonzalez. Mendiluze andoaindarra izan zen, 713 puntu eskuratuta, hirugarren finalaurrekoa irabazi zuena.
Fernando Aire Xalbador gogora ekarri zuen Mendiluzek hasierako agurrean, atzo [azaroak 8] haren heriotzatik 50 urte bete baitziren. Sendo hasi zuen saioa, Labakagaz batera, alokairuan bankuaren putre funts bati saldu berri dion pertsonen azalean ipinita. Hiruna bertso bota zituzten, eta andoaindarren lehenenegoaren bukaeran txalo zaparrada eragin zuen harmailetan: Negozio bat bakarrik dela inork ez dezala uste/etxea eman egin diete saldu gu saldu gaituzte. Illarregi leitzarragaz aritu zen punutakoan; bikotea bilatzako zita azkarren topagune batean hamar minutuz elkar ezagutzeko aukera duten bi pertsonen lekuan jarri ziren, eta osatu zituzten zortzi bertsoek zaleen artean barre algara eragin zuten. Ez al didazu bada lorerik botako bota zion Mendiluzek, eta zuk nahi zenuena erantzutea guapo erantzun zion Illarregik.

Aitor Mendiluzek irabazi du Gernikako finalaurrekoa. ARGAZKIA: Bertsozale ElkarteaBertsozale Elkartea
Bakarkakoan Eskola jantoki bateko begiralea da Mendiluze gaiaren arabera. 7 urteko ikasle batek esan dio ez duela platera bukatu nahi, bestela gizendu egingo delako izan zuen bertsotarako gai. Lehen bertsoan izu hitzagaz poto egin zuen saioko irabazleak: “Nik nola gobernatu/kezkaz eta izu/ denak zalapartaka/builaka berdintsu/desberdinarekiko/ni enagu izu/lehen gustura egoten/zinena beti zu/ orain dena da kezka/gorputz eta pisu/besteak bost axola/bihurtu zaizkizu/zuri hori buruan/zeinek sartu dizu?”. Laburu astigartarragaz hamarreko txikian akatsa irauli zuen.
Saioko erregularrenak Peritz zarauztarra eta Illaregi izan ziren, 707 puntura berdinduta, Gernika-Lumon bigarren eta hirugarren sailkatuak. Lan karga handiagatik bajan dagoen pertsonaren eta bilobak sare sozialetan jarraitu gura ez duen amonaren tokian jarri zen besteak beste Peritz; bakarkakoan, ostera, harrera familia bat irudikatu du: “Pasako dira egunak/ta egin ahal jardunak/ahaleginduko gara izaten/zuk behar bezain bigunak/ta familia gehitxo bazaizu/izango gara lagunak” amaitu zuen bere bakarkako hirugarren bertsoa. Illarregik berriz, enpresa batean arazo larriak aurkitu dituen laneko arriskuen prebentzioen teknikaria izan zen: “Gero datoz ‘ai ene’-ak/damutzen dira zeharo/baina nik esaten diet/egotekotan oparo/ezin dugula onartu/heriotza bat gehiago/honera ni nator, baina/zuen eskuetan dago”.
Labaka lasartiarrak laugarren amaitu zuen zapatuko jardunaldia, 703,5 puntugaz. Mendiluzegaz zortzi handian aritu ostean, Bizkarra abadiñarragaz batera festa osteko pisu bat irudikatu zuen puntuka elkarri erantzunez. Bizkarrak begira hitzagaz poto egin zuen, segituan jabetu eta ari da errimagatik aldatu bazuen ere: “Eta berehalaxe/esnatuko dira/baina barrez ari naiz beraiei begira/eta gure katua ondotik begira(ari da)/ai dena garbitzera/ altxako balira”. Bakarkakoan EHUn ikasten duen Ipar Euskal Herriko ikasle baten azalean jarri zen Labaka.
Abadiñarrak, berriz, saio gora beheratsua eginda, 794 puntugaz bosgarren bukatu zuen abadiñarrak. Bakarkakoan zesta-puntako pilotari ohia zara. Duela urte asko joan zinen Estatu Batuetara jokatzera eta han bizi izan zara azken hamarkadetan. Gernikara bueltatu zara aurten gaia egokitu zitzaion eta halare hau dut oso gustoko/baina inor ez da aberastuko/ez pelotan ez fabrikan/ez hemen ez Amerikan kantatuta amaitu zituen lanak.
Saioa zabaldu zuen Laburu izan seigarren eta azken sailkatua, 687 puntugaz, eta zapatuan [azaroak 14] Miarritzen jokatuko den lehen itzuliko azken finalaurrekoaren zain egon beharko du, bigarren itzulian egoterik izango duen ezagutzeko. Bakarkakoan herriko neska gazte baten argazki intimoak jaso dituen gizonezko baten paperean jarri behar izan zuen: “nere barrua denei bezela egiten zait asaldatu/mila lanketa egin ondoren ez degu ezer aldatu”, bota zuen azken bertsoan. Zortziko txikian, Mendiluzegaz batera euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean grabatzeari ezezkoa eman dion aktorearen lekua hartu zuen: “Problema handia etb dosena/euskaldunak erdaraz jartzen dituena”.

Aitor Mendiluzek irabazi du Gernikako finalaurrekoa
713 puntugaz bigarren itzulirako lekua ziurtatuta badu ere, Mendiluzek saio oso ona egin beharko du Donostian abenduaren 20an Nafarroa Arenan egoteko. Puntutako sailkapenean, gaur gaurkoz seigarrena da andoiandarra, Amets Arzallus Antia (746,5 puntu), Nerea Ibarzabal Salegi (740 puntu), Beñat Gaztelumendi Arandia (733 puntu), Alaia Martin Etxebeste (722 puntu) eta Miren Artetxe Sarasolaren (713,5 puntu) atzetik. Zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren postuetan daude Peritz, Illarregi eta Labaka, hurrenez hurren. Bizkarra hamabigarren sailkatua da eta Laburu, ostera, hamalaugarrena.
Guztira 18 izango dira bigarren finalaurrekora sailkatuko diren bertsolariak: Arzallus, Ibarzabalek eta Mendiluzek, saioak irabazita zuzenean lortu dute txartela. Azken finalaurrekoan erabakiko da dena, zapatuan, 17:00etatik aurrera, Miarrizko Jai Alain. Andoni Rekondo Izagirre, Julio Soto Ezkurdia, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Oier Etxebarria Zubimendi eta Sustrai Colina Akordarrementeria bertsolariak izango dira oholtzan, finalean zain duten Maialen Lujanbio Zugastiren ondoan egoteko ahalik eta puntu gehien pilatu guran.