Reggae doinuen erritmora komunitatea egiteko urteroko zita
Reggae, ska eta rocksteady zaleak Gerniska Rudelari Taldeak antolatutako XIV. Rudelari Egunean elkartuko dira zapatuan [urriak 7], Gernika-Lumon. Bazkarirako tiketak barikura arte [urriak 6] jaso daitezke, Aterpe tabernan.
Urriko Azken Astelehena eta Gabonak bitartean udalerrian hitzordu handirik ez dagoela eta, Gernika-Lumoko azaroko egitarauan finkatzeko anbizioz dator aurten ere Rudelari Eguna. Hamalaugarrenez batuko dira adin guztietako reggae eszenako eragile eta lagunak zapatuan [azaroak 7], eguerditik goizaldera arte luzatuko den egitarau zabalaz gozatu eta herrian reggae musikarekiko zaletasuna egon badagoela erakusteko.
Hamasei urte dira Gerniska Rudelari Taldea gustuko duten reggae, ska eta rocksteady musika generoei “eskuragarriago” dauden beste estilo batzuen artean lekua emateko lanean hasi zirela: “Ohituta gaude popa edo rocka entzutera, gaur egun errazago entzun edo eskuragarriago dagoen musika delako; Rudelari Eguna bestelako musikari eskaintzen diogun eguna da”. Reggae musikaren “garrantzia” ere zabaldu nahi dute, afrikar zein jamaikar erroak dituen musika estiloa egun gehien kontsumitzen diren generoen “oinarria” baita.
Hamaika kontzertu eta hamahiru Rudelari Egun antolatu dituzte dagoeneko, eta hamalaugarrenean iaz hartutako bideari jarraipena eman guran datoz. Maiatzetik azarora aldatu zuten hitzordua iaz, udaberrian beste jai edo proposamen batzuekin bateratzen baitzen: “Oso ondo funtzionatu zuen aldaketak iaz, eta eguraldiak eguna baldintzatu dezakeen arren, erantzun berdina espero dugu aurten”.
Reggae musikarekiko zaletasuna duten eta orohar “dantzarako eta ondo pasatzeko gogoa” duen herritar guztiei zabaldu diete zapatuan Rudelari Egunagaz bat egiteko deia. Edonola ere, argi daukate beraiek ondo pasatzeko eguna ere badela, ikusten ez den urteko “lan asko” baitago atzean. Hala, egunerako azken ukituekin dabiltza.
Ska, reggae zein rocksteady doinuz beteko dituzte Gernika-Lumoko bazterrak zapatuan. Eguneko egitarauan ohitura bihurtu den Poteo Sound System saioa izango abiapuntu: 13:00etan ipini dute hitzordua, Pasealeku inguruan. “Girl Power Set List berezia izango da protagonista aurtengoan”, azaldu dute rudelariek. Emakumeei garrantzia ematea bilatu dute, kontzertuetarako emakumeen taldeak aurkitzea “kosta” egiten bazaie ere: “Poteoan aitortuko dugu genero horretan emakumeek duten parte hartzearen garrantzia; lehen lerroan ikusi ez arren egon badaudela eta egon direla”. Herriko tabernak girotuko dituzte, rudelariei beraien ibilbidean lagundu dioten horietan betiko lagunak agurtu eta estreinako hurbilduko diren horiek ezagutzen hasteko geldialdiak eginez.
Aterpe tabernan amaituko dute sound systema, Rudelari Egunaren lehenengo aldetik tinko mantendu den Gernikako indaba jan herrikoia egingo baitute bertan: “Astran egin dugu zenbait alditan, baina iaz Aterpe egitea erabaki genuen. Oso ondo joan zen, eta aurten ere bertan egingo dugu”. 70 bat lagun batu ziren iaz, eta aurten, “kostatzen” ari bada ere, antzeko kopurura iristea espero dute. Tiketak barikura arte [azaroak 6] eskuragarri egongo dira Aterpen, 20 euroren truke.
Eguneko lehen kontzertua Aterpen bertan izango da, 19:00etan, doan. Exitus Band talde bermeotarra egongo da oholtzan, eskualdeko reggae talde “bakarra edo bakarrenetakoa”. Izan ere, tokiko zein gertuko taldeei lekua eman gura die rudelariek, “izaera komunitarioa eta inguruko musikarien proiektuak indartu” asmoz.
Ekitaldi nagusia, Astran
Behin gorputzak berotzen hasita, jaiak ez du etenik izango. Rudelariak Astrara lekualdatuko dira, eta bertan jarraituko dute goizeko ordu txikietara arte. Egitarauaren puntu gorena biziko dute bertan, Mrs. Klams eta The Storninos taldeen kontzertuekin. 2022an sortutako Uribe Kostako talde gazteak 2-Tone eta ska erritmoz beteko du kultugunea, rudelariak dantzan jarri asmoz. Soul, reggae, funk, ska eta rocksteady generoen influentzia duen The Storninos talde beteranoa ere helburu beragaz oholtzaratuko da. Kontzertuetarako sarreren prezioa 12 eurokoa izango da, eta bertan eskuratu ahalko dira.
Eguna goizaldera arte luzatzeko, baina, 01:00etan Algorta Boss Reggae kolektiboaren pintxada egongo da. Hala, dantzan agurtuko dute Rudelari Eguna datorren urtera arte.
Komunitatea eta kultura alternatiboa sustatzeko lekua da Rudelari Eguna, Gerniskakoek autogestioaren bidez bultzatzen dutena. Horregatik, “laguntza handia” suposatuko dien zozketa ere egingo dute, eta txartelak dagoeneko salgai dituzte. Horiek eskuratzeko taldekideekin harremanetan jarri edota @Gerniska Instagram kontura idatzi daiteke.