5.000 euroko dirulaguntza, herrian musika sorkuntza babesteko
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak udalerriko musika sorkuntza sustatu eta bertako taldeen proiektuak babesteko dirulaguntza aurkeztu du beste urte batez. 5.000 euroko diru-saila bideratuko dute “Gernika-Lumo eragina duten eta musikarekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten elkarte, musika-talde edo norabanakoak” laguntzeko. Azaroaren 19ra arte [eguena] aurkeztu daitezke eskaerak.
Laguntza jaso dezaketen proiektuen artean formatu fisikoan zein digitalean musika-lana grabatzea, ekoiztea eta editatzea eta proiektuei lotutako komunikazio eta hedapen materialak azpimarratu dituzte deitzaileek.
Dirulaguntza jasotzeko baina, eskatzaileak Gernika-Lumon erroldatuta egon beharko du; talde edo elkarteen kasuan, ostera, kideen %50a izango da erroldatuta egon beharko duena. Gainera, taldearen jarduerak herriko musika guneren batekin lotuta egon beharko du.
5.000 euroak baldintzak betetzen dituzten eskari guztien artean banatuko dira eta “proiektu bakoitzari esleitutako zenbateko egindako gastuarekin proportzionala” izango da.
Eskaera egiteko inprimakia kultur etxean bertan zein webgunean eskuratu daiteke; behin beteta, kultur etxean erregistratu beharko da, bertara joanda edo posta elektronikoz: kultur-etxea@gernika-lumo.eus.
Inprimakiagaz batera, eskaitzailearen NAren kopia, proiektuaren memoria deskribatzailea eta aurrekontua eta laguntza jasotzeko banku zenbakia aurkeztu beharko dira.
Onuradunek Arbolapean musika-programan parte hartzeko konpromisoa hartzen dute.