Sendotasunez lortutako garaipen erabakigarria
Emakumezkoen Endesa Ligaren 6. jardunaldiaren teloia zabalduz, Inversus Gernika Bizkaiak 101 eta 67 irabazi zion Movistar Estudiantesi zapatu arratsaldean [urriak 31]. Aurreko jardunaldietako porroten ostean, garaipenagaz adiskidetzeko hitzordua zen bi taldeentzat. Talde madrildarra hiru porrot segidan jasota iritsi zen Malostera. Gernika-Lumoko taldeak, berriz, bigarrena segidan saihestu beharra zeukan, sentsazio onak berreskuratzeagaz batera.

Argazkia: Gernika KESB
Defentsan oso sendo eta errebotea kontrolatzen ibili ziren etxekoak, eta zenbait hutsegite egin arren, aldaketa egoerei ere sendo erantzun zieten. Horrenbestez, laugarren jardunaldiko garaipenaren sentsazio berekin amaitu zuten. Eguneroko lanagatik zoriondu ditu jokalariak Franky Garcia entrenatzaileak, hori ikusi baitzen kantxan. Horrez gain, marea granatearen indarra ere nabarmendu zuen murtziarrak, haren bultzada, beste behin ere, funtsezkoa izan baitzen: “Egun batzuetan gehiago edo gutxiago asmatu ohi da, eta gaur asmatu dugu. Oso pozik gaude, Malostek bultzada izugarria eman digu uneoro. Momentu onetan errenta handitzen segitzeko bultzada eman digute zaleek, eta momentu txarretan garaiz erantzuten lagundu”.
Lehenengo laurdenetik defentsan serio agertu ziren etxeko jokalariak, borrokarako gogotsu, eta aurkariak erantzuten ahalegindu arren, ez ziren gai izan. Joy Adamsek zortzi puntugaz itxi zuen lehen laurdena, eta Ane Olaeta kapitainaren hirukoagaz amaitu zuten, 28 eta 15eko markagailuagaz. Hirukoen dantzak jarraitu zuen bigarren laurdenean; Estel Puiggros kataluniarrak sartutakoagaz hasi zen bigarren laurdena, eta haren ostean hirukoak saskiratu zituzten Elena Bosganak, Esther Matarranzek eta Angela Salvadoresek. Estudianteseko jokalariak Gernikakoen erasoaldiak gelditzen saiatu ziren, baina etxekoek nagusi izaten jarraitu zuten, eta lehenengo laurdenean moduko puntuen banaketa ia berbera izan zen; 28 puntuko aldeagaz ailegatu ziren atsedenaldira (58.30).
Bigarren zatiaren hasieran hala Estudiantesek, nola Gernikak defentsa lerro zurruna erakutsi zuten. Laurdena “oso fisikoa” izan zen; bisitariek beren formulari eutsi zioten erasoan, eta etxekoek, berriz, erritmoa jaitsi zuten. Emaitza baina lehen zatiaren amaieraren parekoa izan zen, eta 28 puntuko errenta mantendu zuen talde granateak (73-45). Neurketaren azkenengo minutuetan talde-lanaren erakustaldia eman zuten etxekoek. Jaurtiketa onak, uztaia ondo defendatzen eta errebotea ondo ixten asmatu zuten. Puntuetan ere islatu zuten hori: Bosgana (17 puntu), Puiggros eta Adams (hamabosna puntu), Ridard (14 puntu) Matarranz (12 puntu) eta Olaeta eta Vonleh (hamarna puntu).
Orain arteko balantzeari dagokionez, hiruna porrot eta garaipen lortu ditu Inversus Gernika Bizkaiak, eta sailkapenean bederatzigarren postuan dago. Duran Maquinaria Ensinoren kontra lehiatuko du hurrengo jardunaldia, eta entrenatzailearen berbetan, aste honetan neurketa hori ondo prestatu beharko dute, bertan lehiakorrak izateko: “Etxetik kanpo jokatzea beti da oso zaila, eta are zailagoa da Lugokoa bezalako kantxan”. Ligan lan ona egiten ari den taldea dela azpimarratu du.