Askatu taldeak irabazi du Bermeoko III. Herri Kirol Txapelketa Herrikoia
Argazkia: Bermeoko Udala. Bermeon herri kirolak bizirik daudela erakutsi dute asteburuan. Sustabiz Fundazioaren eta udalaren eskutik, Bermeoko III. Herri Kirol Txapelketa Herrikoia lehiatu dute, herri kirolak zein lehia sanoa sustatuz.
Zapatu arratsaldean lehiatu zuten txapelketa zazpi taldek, eta horietan onena izan zen Askatu taldea. Hirukote taldea eta Pilin semiek taldeak sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, udal ordezkariek nabarmendu bezala, bermeotarren arteko final handiak “emozio handia” sortu zuen. Txapeldunek 150 euro jaso zituzten, txapeldunordeek 100 euro eta hirugarren sailkatuek 75 euro.
Txapelketa hasteko, trontzan, ingudean, txinga eroaten eta harri jasotzean aritu ziren hiruna kidegaz osatutako taldeak. Jarraian, lau talde sailkatu ziren hurrengo fasera, eta horretan arraun proba lehiatu zuten. Azkenik, bi talde onenak aritu ziren finalean. Sustabiz Fundaziok kideen hitzetan, sailkapen-proba “bero-beroa” bizi izan zuten, indarra, abiadura, lehia eta giro ederra uztartuta.
“Giro ederra eta lehia bizia” eduki zituzten Lameran, eta erakustaldi bikainagaz gozatu zuten bertan bildutako herritarrek. Gainera, bezperan entrenamendu saioa eduki zuten, Urremendi Landa Garapen Elkartearen Urdaibaiko Esentziak esperientziagaz lagunduta.
Bermeoko Udaletik eskerrak eman dizkiete txapelketan parte hartu zein berau ikustera hurbildu ziren herritarrei, eta irabazleak zoriondu dituzte. Era berean, txapelketa antolatzen laguntzeagatik Sustabizeko kideei ere esker ona erakutsi diete.

Argazkia: Bermeoko Udala.