Arimen gau ilunenean batuta
Hilen eguna da gaur [azaroak 2] eta horrek esan gura du, asteburuan Domu Santu eguna eta Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatu direla. Busturialdean, Lea-Artibain eta Mutrikun asko izan dira egun erlijio katolikoarekin edo Amerikako Estatu Batuetatik inportatutako Halloween jaiagaz lotu arren, bere jatorria zeltek ospatutako Samhain jaien duen Gau Beltzagaz bat egin duten udalerriak, besteak beste, Ea, Bermeo, Ibarrangelu, Muxika, Ajangiz, Gernika-Lumo, Ereño, Gautegiz Arteaga eta Mundaka.
Euskal Herrian tradizio katolikoagaz lotutako ospakizunak izan dira beti Arimen Gauaren ingurukoak. Garai batean, gaur lora sortak eramaten diren bezala, oliozko kandela eramaten zela jasota agertzen da euskal mitologian. Halere, Halloweenegaz lotzen diren kalabazak hustea, janari eskeann ibitzea edo baserriz baserria kantuan aritzea ere errotatu tradizioa ziren. Ekintza horiek izan dira, hain zuzen ere, Busturialdean ikusi ahal izan direnak. Ibarrangelun, adibidez, mozorroak egin eta kalabazak margotzen ibili ziren zapatuan, herrian zehar ziri edo sari ibili aurretik. Eguna film proiekzioagaz biribildu zuten.

Zapatuan elkartu ziren Ajangiz, Ea, Ereño eta Gautegiz Arteagako herritarrak ere. Ajangiztarrak aurpegi margoketarako batu ziren eta ziri edo sari aritu ziren etxez etxe gero. Antzeko plana izan zuten gautegiz arteagarrek; aurpegia margotu, eskulanak egin, askaria jan eta etxez etxe gozokiak biltzen joan baitziren. Bestalde, Eskolondo izan zuten eatarrek merendolarako topagune. Indarrak hartu eta herrian zeharreko ipuin entzuketa eta gero, txokolate janean batu ziren frontoian. Kalabazak ere ez ezin ziren falta izan Arimen Gauean, eta horiekin eskulanak egiten aritu ziren Ereñoko umeak.
Arimen Gauez batu ziren mundakarrak ere. Umeentzako tailerren ostean, txokoladatagaz biribildu zuten kalejira beldurgarrian bildu ziren gazte zein helduak. Iluntzean bai, mozorroek eta suzko zezenak hartu zuten plaza.
Ibarrurin, bestalde, hildakoekin elkartzeko baliatu zuten eguna. Muxikako, Gorozikako eta Ibarruriko emakumeek osatutako Oxigastra Curtisii taldearen hitzorduagaz bat egin zuten herritarrak.
Kalejira eta antzekia.
Gernika-Lumon, ostera, eguenetik domekara luzatu den asteburua izan dute. Barrakak, janari sorginduak, hilerri beldurgarria… aspertzeko astirik ez dute izan Gernikako Merkatarien Elkartearen egitarauagaz bat egin dutenek. Barikuan kalejira beldurgarria egin zuten eta zapatuan, berriz, sorginen txokolatada.
Auzoetan ere egon zen beldurragaz zitarik. Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak mozorro desfilea eta lehiaketa antolatu zituen, antzespen onena zein mozorro ikusgarri eta beldurgarrienak saritzeko. Dantzarako zein gozokiak biltzeko tartea ere izan zuten, Gremlins filma ikusteko batu aurretik.

Lurgorriko mozorro desfilea. Argazkia: Lurgorri Auzo Kultur Elkartea
Gau Beltza igarota ere, Bermeon oraindik ez dute egunari lotutako egitaraua amaitutzat eman. Zapatuan umeen tailerrak izan zituzten aukeran bai Arrantzaleen Museoan, bai ludotekan. Gainera, bariku zein zapatuan Ohiturak mikroantzerkiaz gozatzeko batu ziren. Maria Dondiz bermeotarraren obrak 30 minutuko iraupena izan zuen, eta eguneko 8 emanaldi eskaini zituzten.
Zapatuan baina, beste hitzordu bat dute herritarrek, Spookypheria Produktionsen Halloween Metal Fest jaialdian batuko baitira. Oraindik sarrerak eskuragarri daude, 20 euroren trukean, Bermeoko Luma liburudendan edota Bermeoko Kafe Antzokiaren webgunean. Lehiatilan ere erosi ahalko dira, 22 eurotan.