Zazpi taldek izena eman dute Bermeoko III. Herri Kirol Txapelketa Herrikoian
Bermeoko III. Herri Kirol Txapelketa Herrikoia lehiatuko dute bihar arratsaldean [urriak 31], eta zazpi taldek izena eman dute
Gaur entrenamendu saioa egingo dute 17:30ean hasita. Portuzarrera joan, eta arraun saioa egingo dute lehenengo, eta ostean, Lameran herri kiroletan trebatuko dira. Gainera, Urremendi Landa Garapen Elkartearen eskutik, Urdaibaiko Esentziak egongo dira 18:00etatik aurrera, Lameran. Sustabiz Fundazioko kideek bi egunetan hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete bertako zein inguruko herritarrei.
Bihar frontoian hasiko dute txapelketa. Hiruna kidez osatutako taldeak dira, eta lehenengo faseari 17:00etan ekingo diote. Talde bakoitzak honako saioak egin beharko ditu: trontzan bi ebaki, harri jasotzean hogei jasoaldi —gizonezkoek 50 kiloko bolagaz eta emakumezkoek 35 kilokoagaz—, ingudean 100 jasoaldi —emakumezkoak 10 kilokoagaz eta gizonezkoak 14 kilokoagaz—, txinga eroaten bederatzi plaza —emakumezkoak 25 kiloko txingekin eta gizonezkoek 35 kilokoekin— eta trontzan bi ebaki.
Taldeen artean lau denbora onenak egiten dituztenak pasatuko dira hurrengo fasera. Horretan, arraunean ariko dira: “Bermeo Urdaibai Arraun Elkartearen laguntzagaz prestatu dugu, eta bi txandatan banatuta uretaratuko dira. Talde bakoitzak joan-etorri bat egin beharko dugu, eta distantzia entrenamendu saioan ebatziko dugu”. Ostean, bi talde onenak sailkatuko dira finalera. Finalean ondorengoak egingo dituzte frontoian: trontzan hiru ebaki, harri jasotzean 25 jasoaldi, ingudean 115 jasoaldi, txinga eroatean hamabi plaza eta trontzan hiru ebaki.