Euskararen eta feminismoaren arteko loturan sakondu dute
Argazkia: Gernika-Lumoko Berbalagun Euskara eta feminismoa izan zituzten hizpide atzo [urriak 29] Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan elkartu ziren berbalagunek. Idurre Eskisabel Larrañaga eta Lorea Agirre Dorronsorok eskaini behar zuten Feminismoa eta euskalgintza, eraldaketarako elkargune bat hitzaldiaz gozatzera bertaratu ziren, baina “azken orduko ezbehar bat” tarteko, Agirrek ez zuen bertaratzerik izan; hala, Eskisabelen ahotik ezagutu zuten feminismoaren eta euskararen arteko lotura.
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia da Eskisabel, baina ez hori bakarrik, EHUko kazetaritza irakasle ere bada eta beste “feminismoaren ikuspegitik”, beste hamaika jardunetan ere aritu da. Agirrerekin batera Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara lana argitaratu zuen, “euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen” duen liburua. Gurutzaketa hori izan zuen, hain zuzen ere, mintzagai atzo.
Kazetari eta antropologoaren ustez, egunerokotasuneko arlo ezberdinetan pentsamendu feminista “aurreratuago” dago, gizartean zenbait gairi dagokionez “berdintasunaren aldeko ideiak barneratuta” baititu. Era berean, hizkuntza eskubideez ere hitz egin zuen Eskisabelek. “oraindik makina bat hutsune” daudela ebatziz. Horregatik, hainbat hamarkadetan zehar egindako lana gizarteak “eredu hartu” beharko lukeela uste dute Gernika-Lumoko Berbalagunekoek.
Euskarak bizi duen “oldarraldiaren jakitun” dira bai Eskisabel, bai berbalagunak. Hala, “nahiko gordina” den errealitate batean aldaketa politikoak zein estrukturalak “funtsezkoak” badira ere, “euskaltzaleon inplikazio handiagoa giltzarri” izan daiteke. Hor, belaunaldiz belaunaldi sortutako eta sorten jarraitzen duten talde euskaltzaleak goraipatu zituen hizlariak, etorkizun “oparoago” baterako bidean ezinbestekoak direlako.