Bizi proiektua herrian errotu ahal izateko etxebizitzak
Indarrean dauden araudiak jarraituz, erregimen kooperatiboko 18 etxebizitza publiko eraikiko dituzte Ugarte auzoan. Azaroaren 4ko osoko bilkuraren ostean jakinaraziko ditu Muxikako Udalak oinarriak.
Ugarte auzoan erregimen kooperatiboko 18 etxebizitza publiko sustatuko ditu Muxikako Udalak.Muxikako Udala Etxebizitzaren arazoari udalerrian irtenbide bat emateko asmoz, Ugarte auzoan erregimen kooperatiboko etxebizitza publikoak sustatuko ditu Muxikako Udalak. Indarrean dauden araudiei jarraituta, 18 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute, azaleraren arabera 200.000 eta 250.000 eurotan salduko liratekeenak. Proiektua “hasiera hasierako fasean” dago eta azaroaren 4ko osoko bilkuraren ostean jakinaraziko ditu udalak oinarriak, ordenantza eta interesdunek eman beharreko pausuak.
Xehetasun azterketa —hirigintza-araudian erabiltzen den plangintza-tresna—egin du udalak eta hori amaituta, plangintza fasea ia amaitutzat eman ahalko dutela aurreratu dute. Prozesu horrek “hilabete batzuk” iraungo dituela eta, bitartean parte hartze prozesua egingo dute, fasea behin betiko ixteko. Kooperatiba “datorren urtean” eratuko da eta behin obrak hasita, “ez da lan konplexua izango”, azaldu zien Markel Bollar Muxikako Udaleko hirigintza-plangintzarako aholkulariak herritarrei: “Epe errealista izan daiteke urte eta erdi edo bi urtekoa, baina urte eta erdikoa izaten ahaleginduko gara”.
Udalak, “etxebizitza sozialak egiteko” helburuagaz, enpresa eraikitzaile batekin erdi bana erosi zuen Ugarteko auzoko lursail hori 80ko hamarkadan baina urteen joan-etorriagaz eta “arrazoi ezberdinengatik” proiektuak ez zuen aurrera egin. Gaur egungo etxebizitzaren arazoa ikusita baina, udalak proiektua berreskuratzeko unea zela erabaki zuen. Enpresa eraikitzaileek interesa galdu eta Muxikan ezer eraikitzeko asmorik ez zuenaren jakitun, udalak bere zatia erosi zion bere zatia: “Gaur egun lursail hori udalaren jabetzakoa da osorik”, azaldu zuen Roke Ojanguren udaleko zinegotziak.

Argazkia: Muxikako UdalaMuxikako Udala
Lursaila osoa izatean udalak “aukera ezberdinak” izan ditu, lehenengoa Eusko Jaurlaritzara jo eta babes sozialeko etxebizitzak eraikitzea nola ikusten duten galtzea izanik: “Jaurlaritzatik baiezko erantzuna jaso genuen, baina bi baldintzagaz: etxebizitzak esklusiboki alokairu sozialera bideratuta egotea eta errotazioa izatea, hau da, alokairuak gehienez 5 urte irautea”. Udal ordezkariek, udalerriko “errealitatea” ikusi eta 20-40 urteko jendeak Muxikan etxea erosi eta beraien bizi proiektua bertan errotzeko nahia zutela ikusita, Jaurlaritzaren proposamena “aproposena ez zela” ebatzi zuten: “Bost urterik behin etxetik irten behar izateak ez du zure bizi proiektua Muxikan garatzeko aukera ematen”.
Bigarren aukera bat ere aztertu zuten: etxea erosteko interesa zuten herritar talde batekin kooperatiba sortu, udalak kooperatiba horregaz hitzarmena sinatu eta lursail hori lagatzea. Modu horretan babes sozialeko 18 etxebizitza —80. hamarkadatik lursailak “eraikigarritasun asko galdu” du— lortuko lituzkete, baina alokairuzkoak barik “jabetzakoak” izango liratekeenak.
“Ohiko baldintzak”.
Jendeak —eta batez ere muxikarrek— beraien bizi proiektua udalerrian garatu ahal izatea da helburua eta horregatik, etxebizitzen esleipenean herrikoek izango dute nolabaiteko lehentasuna. Jaurlaritzaren Etxebizitza Dekretuan edo Etxebideren webgunean jasotako “ohiko baldintzak” bete beharko baitira: herrian erroldatuta egon eta adin nagusikoa izatea, jabetzako etxebizitzarik ez izatea —dekretuan jasotako salbuespenekin—, ohiko etxebizitza legez erabiltzea, eta finkatutako diru sarreren baremoa betetzea. Baldintza zehatzak udalak argitaratuko dituen oinarrietan jasota egongo dira.
“Askok galdetzen dute ea erroldatuentzat bakarrik izango diren; 18 etxebizitza eraiki ditzakegu eta argi dago interesa egon badagoela, baina gero ikusi beharko da benetan zenbatek izena ematen duten. Erroldatutakoen artean 18ra heldu ezean, erroldatuta ez daudenei zabaltzeko aukera ere egongo da. Asko balira, notario aurreko zozketa bidez edo egingo litzateke esleipena”, azpimarratu zuen Ojangurenek.

Argazkia: Muxikako Udala
Hirigintza-plangintzarako aholkulariak azaldu zuenez, elkarri atxikitako etxebizitzak izango dira, bi lur zatitan banatuko direnak —11 batean eta 7 bestean—. Babestutako etxebizitzak izateak dituen abantailak ere azaldu zizkien aurkezpenera bertaratutakoei: “Etxebizitza horrek betiko izango du kalifikazio babestua eta salmentarako gehiegizko prezioa ere badute”.
Etxebizitzak udaleko plangintzan aurreikusitako tipologian eraikiko balira “gutxi gorabehera 150 metro karratu erabilgarri” izango lituzkete, 90-120 metro koadro etxebizitza erabilerarako eta 37-40 inguru sotoan barik lurraren arrasean egongo diren garaje eta trastelekurako. Terraza bat ere izango dute. Kostuak mugatze aldera “ahalik eta plangintza sinpleena” egin badute ere, “kalitatea bermatuta” dago: “Babestutako etxebizitza izateko izendapena Jaurlaritzak aitortu behar du eta kontrol batzuk igaro behar dira, etxebizitzak kalitate onekoak izan behar dira”, zehaztu zuen Bollarrek.
Kooperatiba izaera.
Erregimen kooperatiboko etxebizitza publikoak izango dira, eta kooperatiba izaera izango da, hain zuzen ere, esleipendunei “parte hartze handiagoa izan eta udalaren laguntzagaz promozioa bideratzea” ahalbidetuko diena: “Kooperatiban nolako etxea nahi duten erabakitzeko askatasuna izango dute, betiere araudiak ezarritako mugen barruan”, ebatzi zuen Ojangurenek. Etxebizitzen xehetasunak kooperatibisten esku geratuko direnez udalak ezin du salmenta prezio zehatza aurreratu, baina 200.000-250.000 euro artean egotea aurreikusi dute.
Gainera, kooperatibek onura fiskalak dituztela gogoratu zuen: “Promozioa egin bitartean, adibidez, kontratistak ez du BEZa kobratzen; kooperatibak esleipendunari saltzean kobratzen bada ere, BEZaren aldetik asko aurreratzen da. Gainera, oraindik indarrean dauden ez badakigu ere, Jaurlaritzatik aurreratu digute kooperatibetarako, nahiz eta jabetzan izan, dirulaguntzak egongo direla. Esan zigutenagatik etxebizitza bakoitzera arte 30.000 euro ingurukoak izan daitezke”.