Osakidetzako biharko greba deialdiari eutsi diote sindikatuek
Mahai sektorialak atzo Gasteizko Zerbitzu Zentraletan egindako bileraren ondoren, Osakidetzarekin negoziatzeko “beharrezko aurrerapausorik ez dagoenez”, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzako langile guztientzako biharko [urriak 30] deitutako greba deialdiari eutsi diote. Bost sindikatu horiek bultzatutako mobilizazio-egutegiaren barruan aurreikusitako bost grebetatik lehenengoa da biharkoa.
Izan ere, ibilbide-orria markatuta daukate, akordiorik lortu ezean, abenduan ere mobilizatuko dira: abenduaren 9an greba egingo da Araban, 10ean Bizkaian eta 11n Gipuzkoan, eta 14an Osakidetza osoan.
Lan-baldintzak arautzen dituen akordio berriaren negoziazioan aurrerapauso garrantzitsuak eman behar direla nabarmendu dute beste behin. Horrenbestez, lan-baldintza duinak eta osasun publikoaren egungo beharren mailan egongo den akordioa “irmotasunez” eskatzeko aukera da biharko greba: “Langileek gogaituta daudela erakutsi dute, eta beren aldarrikapenak aurrerapenak direla egiaztatu behar dute”. Hain zuzen ere, aipatutako mobilizazio horien helburua da Osakidetza osatzen duten pertsona guztientzako lan-baldintza duinak defendatzea eta osasun sistema publiko baterantz aurrera egitea, “pribatizazioak geldiaraziko dituena eta plantilla nahikoak izango dituena, asistentzia-kargari aurre egiteko eta arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko gai izango direnak”. Izan ere, gogoratu dute harreman zuzena dagoela langileen lan-baldintzen eta horiek herritarrei eskaintzen dieten zerbitzuaren kalitatearen artean: “Profesionalek ezin dute sistema sostengatzen jarraitu beren ahaleginaren eta bizitza pertsonalaren kontura. Horregatik, gure lana aitortu eta gure baldintzak hobetuko dituen akordioa behar dugu”.
Beste behin, sindikatuek Osakidetzari eskatu diote mahai sektorialaren bilerak aprobetxatu ditzala, “anbiziozko izaeradun” proposamenak aurkezteko eta akordiorako “benetako borondatea” erakusteko: “Langileek urte gehiegi daramatzate lan-baldintzak eguneratzeko zain, eta onartezina da Osakidetzak bileran inolako soldata-proposamenik egin ez izana, batez ere bizitzaren garestitzea etengabe areagotzen ari den testuinguru honetan”. Osakidetzak aurrerapauso bat emateko unea iritsi dela adierazi dute: “Ez da nahikoa mahai batean eseri eta arazoei buruz hitz egitea”. Proposamen zehatzak, aurrerapen garrantzitsuak eta konpromisoak behar dituztela berretsi dute.