Mendieta eta Kanpantxu auzoetako sarbidea hobetzeko lanak egin ditu udalak
Ohiko sarbidetik sartu beharrean, zenbait kamioi Maier lantegiko biltegirako sarrera berritik sartuko dira aurrerantzean.
Solaburuko karkaban dagoen errekastoan lur azpiko pasagunea egin du udalakAjangizko Udala Zornotzan zituen biltegiak Ajangizera hurbiltzeko helburuagaz, instalazioak handitu eta sarbideak hobetzeko lursai eremua zabaltzea eskatu zuen Maierrek 2022an. Eskaera horri erantzuteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) egin beharreko aldaketa puntualetik abiatuta, Ajangizko Udalak “amaiera fasean” dauden Mendieta eta Kanpantxu auzoetako sarbidea hobetzeko lanak egin ditu.
Bi auzoetako sarbidean kotxe, kamioi eta oinezkoentzat “pasabide seguruagoak” antolatzea izan da udalaren helburua eta, horregatik, aurrerantzean kamioiek sarrera berria izango dute: “Zirkulazioari dagokionez, bide nagusitik joan beharrean, zenbait kamioi Maier aurreko aldetik, lantegiko biltegirako sarrera berritik sartuko dira”, azaldu du Koldo Carbonell Ajangizko alkateak. Zirkulazio aldaketa horrek ajangiztarrak bide nagusia erabiltzea “erraztuko” du, besteak beste auto-ilarak sortzea ekidingo baitu.
Arabietako zubiaren osteko biribilgunearen inguruan ere esku-hartzea egin dute. Izan ere, Urdabaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak Solaburuko karkaban dagoen errekastoan lur azpiko pasagune bat egitera behartu ditu, “galzorian dauden espeziak daudelako” bertan: “Uholdeak egon ezkero ura ateratzeko erraztasuna ere emango du”, dio alkateak.
Zubia bera ere “apur bat zabaldu” gura izan dute baina, “uholdeak jasotzeko arriskua” argudiatuta, URA Euskal Agentzia ez die baimenik eman eta, ondorioz, zubiaren neurriak bere horretan mantendu dituzte. Halere, bestelako lanak egin ahal izan dituzte, adibidez, oinezkoen eta txirrindularien joan-etorria berrantolatu dute, auto eta kamioetatik bereiziz: “Zubiak bi errail eta oinezkoentzako pasabide bakarra edukiko ditu. Bi aldeetan zeuden oinezkoen pasabideak baina alde batekoa kenduko dugu. Kamioi eta autoentzako errailek, bat joateko eta besteak etorteko, 3,25 metroko zabalera izango dute era oinezkoen pasabideak, 1,8 metrokoa”.
Zubiaren erdia Gernika-Lumo da, eta beste erdia Ajangiz. Horregatik, lanak aurrera egiteko Gernika-Lumoko eta Ajangizko Udalek akordioa sinatu dute: “Gernika-Lumoko Udalak baimena eman digu partzialki bere herrian egingo diren urbanizazio lanak egiteko”. Orotara lanen ekintza eremua 94.365 metro koadrokoa izan da eta, udalerik azpimarratu dutenez, aldundiak, URAk eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ezarritutako baldintzak “errespetatu dira uneoro”.
Era berean, Maierrek lantegiaren inguruko eremu publikoan —ipar-ekialdeko zabalgunean— bide berdea eraitzen ari direla jakinarazi du alkateak. Ibiltariak parkinetik Arabietako zubira iritsi ahalko dira: “Bertatik pasatzen direnek kirola egiteko instalazioak ipiniko dituzte”.