Herritarren karbono aztarna kalkulatzeko tresna sortu du Ihobek
Herritarrentzako karbono-aztarnaren kalkulagailua ipini dute Ihoberen (Eusko Jaurlaritzako Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa) webgunean. Horrela, herritarrek euren bizimoduarekin lotutako emisioak “modu errazean” neurtu ditzakete, klima inpaktu handiena duten ohiturak identifikatuz eta hori murrizteko gomendio pertsonalizatuak eskuratuz.
Etxebizitzarekin, mugikortasunarekin, elikadurarekin, kontsumo ohiturekin eta emisioen konpentsazioarekin lotutako informazioa aztertzen du: “Euskadi klimatikoki neutroa izatea lortzeko ekintza zehatz eta neurgarriak biltzen laguntzen du, baita lortutako aztarna pertsonalak Euskadiko erreferentzia balioekin alderatzeko aukera eman ere”. Tresna horren bidez, lurraldearen karbono aztarnan banakako erabakiek nola lagun dezaketen ikusarazten da.
Neurtu, ulertu eta jardun mezuan oinarrituta, berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko konpromiso pertsonalak hartzea bultzatzea du helburu, eta emaitzak testuinguruan kokatzeko, funtzionaltasun “bereziki erabilgarria” dauka: “Ihoberen kalkulagailuak emaitzak interpretatzen eta emisioen sorreran pisu handiena daukaten erabakiak ulertzen laguntzen du. Horrela, erabiltzaile bakoitzak zenbat igortzen duen ez ezik, hobetzeko ahalmen handiena duten bere errutinaren alderdiak zeintzuk diren ere jakin dezake”. Informazio horrek “erraztu” egiten du pertsona bakoitzak bere emisioak “lurraldearen errealitatean kokatzea”, eta era berean, hainbat bizi ohiturek deskarbonizazioaren erronka kolektiboari nola laguntzen dioten “hobeto ulertzen” laguntzen du.
Beraz, herritarrentzako karbono-aztarnaren kalkulagailuak “erabaki oro garrantzitsua” dela nabarmentzen du; izan ere, emisioak murriztea erronka kolektiboa bada ere, “norbanakoaren ezagutzarekin eta ekintzarekin hasten da”. Kalkulua osatu ondoren, erabiltzaileek klima inpaktua murrizteko gomendio zehatzak jasotzen dituzte, esaterako, mugikortasun eta kontsumo energetikoaren aldaketei eta elikadurarekin zein erosketekin lotutako erabakiei dagozkienak. Horrela, herritarrek euren eguneroko errealitatearekin lotutako konpromiso zehatzak aukera ditzakete: “Horrenbestez, tresna honek aukera eskuragarriak eskaintzen ditu, karbono aztarna txikiagoa duten bizimodu estiloetarantz pixkanaka aurrera egiteko”.
Eskualde bateko karbono aztarna ingurumen adierazle bat da. Mundu osoan sortzen diren berotegi efektuko gasen emisioak neurtzen ditu, ondasunen eta zerbitzuen azken eskaria asetzeko, emisio horiek non sortzen diren kontuan hartu gabe.
Ihobetik emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren eguneroko jarduerek ingurumenean duten inpaktua islatzen duen karbono aztarna 10,4 tona CO2 baliokidea da biztanleko, Europako batezbestekoa (10,9) baino aput bat txikiagoa, beraz. Kopuru horretatik 7,8 tona CO2 baliokide etxeetako kontsumoari dagozkio, eta garraioa, elikadura eta etxebizitza nabarmentzen dira emisio iturri nagusi gisa.