57,7 milioi euroko inbertsioa, eskualdeko baliabide hidrikoen "defizit larria" arintzeko
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 57,7 milioi euroko diru saila bideratuko du Busturialdea Zadorra sistemara lotzera, eskaria bermetzeko arazoei irtenbidea emateko helburuagaz.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Batzar Nagusiak 2027-2030 aldirako horniduran eta saneamendua inbertsioak egiteko programa onartu du eta lau urteko epean 400,4 milioi euro inbertituko ditu: 253,6 milioi euro hornidurara bideratuko dira eta 142,8 milioi euro, berriz, saneamenduetara. Hornidura-aurrekontuko diru-sail handiena Busturialdera bideratuko da, eskualdea Zadorra sistemari lotzeko.
Busturialdeak baliabide hidrikoen “defizit larria” duela nabarmendu dute BBUPtik eta, horregatik, 57,7 milioi euro bideratuko dituzte eskualdea Zadorra sistemara —Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ur-geza iturri nagusia— lotzeko. Izan ere, eskaria bermetzeko arazoak “behin eta berriz errepikatzen” dira Busturialdean, “batez ere agorraldietan”.
Baliabideak handitzeko egingo dituzten esku-hartze guztien artean, Busturialdeko sistema orokorra Mungia inguruan kokatutako Zadorra Sistemaren lehen-mailako hornidura-sarearekin lotzea azpimarratu dute, hori izango baita “defizit egoeraren amaiera” ekarriko duena. Hiru multzotan banatuta egongo diren konexio-lanak datorren hilabetean lizitatuko dituzte eta 2027an hasiko dira. Lanen iraupena bi urte eta erdikoa izatea aurreikusten dute.
Lanak amaitu bitartean, “egungo defizita arintzeko” behin-behineko konponbideak bilatzen dabiltza ur partzuergotik: “Bermeo Sistemarako, Bakio Sistemaren konexioa osatu da Sollubeko ur-hartzeekin”, azaldu dute. Lanak 2025eko ekainean amaitu zituzten eta martxan egon dira udan zehar: “Horiei esker hornidura bermatu ahal izan da, nahiz eta lehorte-egoeran egon.