Nestor Basterretxea aretoak 'Trajea' antzerkia hartuko du
'Trajea' antzerkia egongo da barikuan [urriak 30] Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Sarrerak salgai daude Gizarte eta Kultura Etxean eta udalaren webgunean.
Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza aktoreak oholtzan, eta Begoña Bilbao Lejarzegi zuzendaritzan, Trajea antzezlana helduko da barikuan [urriak 30] Bermeoko Nestor Basterretxea aretora. 20:00etan izango dute hitzordua kulturzaleek, eta sarrereak leihatilan egoteaz gain, salgai daude Gizartea eta Kultura Etxean eta udalaren webgunean.
Txalo produkzioak ekoitzitako antzezlanean “muntaia izugarri, itogarri eta ernagarria” interpretatuko dute Apaolazak eta Hormazak. Izan ere, hiriburuko saltoki handietako merkealdiaren lehen egunean kokatuta dago antzezlana, eta jendea tropelean sartu denean, istripu bat gertatu da: “Eraikinaren erraietan, segurtasun zaintzaile batek negozio gizon bat galdekatu du, jantzi bat erostera etorri delako eta gertakariekin zerikusia izan duelako. Baina zer dira egitateak zehazki? Eta zer arrisku dakarte bi pertsona horiei?”. Galderen erantzuna emango dute antzezleek barikuan antzeztuko duten pieza honetan.