Odol emaile handien osasunarekiko "elkartasun eta konpromiso altruista" aintzatetsi dute
40 eta 50 odol ematetik gora egin dituzten Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 108 odol emaile handi omendu ditu Osakidetza barruko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak.
Busturialdeko eta Lea Artibaiko 108 odol emaile handi omendu dituzte Gernika-LumonBaskolor Busturialdeko eta Lea-Artibaiko odol emaileek egun handia bizi zuten barikuan [urriak 23], odol emaile handiak omendu baitzituzten Gernika-Lumoko Elai Alai Areto Nagusian. 108 emaileren “herritarren osasunarekiko elkartasun eta konpromiso altruista” aintzatetsi zuen Osakidetza barruko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ), hain zuzen ere, 27 emakumerena eta 81 gizonezkorena. 108ek guztira 6.079 emate egin dituzte, denen artean 2.735 litro odol emanez.
Emakumeen kasuan 40 odol ematetik gora egin dituztenak dira emaile handiak eta gizonezkoetan, ostera, 50 ematetik gora egiten dituztenak. Izan ere, legediaren arabera emakumeek urtean hiru emate egin ditzakete, eta gizonezkoak, lau. Hala, gutxienez 13 urte behar dira emaile handi izatera iristeko. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko emaileen kasuan, omendutako emakumezko gazteenak 44 urte ditu eta gizon gazteenak, berriz, 33 urte. Gainerako omenduak bezala, “emaile aktiboak” dira.
Hamazazpi udalerritatik ailegatu ziren odol emaileak Gernika-Lumora, emanaldiari hasiera eman aurretik Foru plazan familia argazkia ateratzera: Bermeotik, Lekeitiotik, Ispastertik, Eatik, Busturitik, Aulestitik, Gautegiz Arteagatik, Arratzutik, Munitibartik, Mundakatik, Errigoititik, Mendexatik, Muxikatik, Muruetatik, Sukarrietatik eta Gernika-Lumotik bertatik. Gainera, Losal enpresan odola ematen duen lemoaztar bat ere omendu zuten.
Laura Biritxinaga TGEEZko zuzendariak hartu zuen hitza barikuan, berak zuzendutako zentroak Odolkideak Gernikaldeko Odol Emoileen Elkartearen eta Gernika-Lumoko Udalaren eta kultur etxearen laguntzagaz antolatutako ekitaldian, omenduei eskerrak emateko. Izan ere, beraiek dira odol emateak “oinarrizkoak eta ordezkaezinak” dira odolaren osagai bakoitzaren erabilera terapeutikoa lortzeko laborategietan egiten den prozesua aurrera eramateko.
Emaile handi bihurtu direnen “eskuzabaltasuna eta fideltasuna” azpimarratu zuen Biritxinagak, beraien emateen osteko laborategi-prozesua azaltzeagaz batera; bertaratutakoek, besteak beste, TGEEZko datuak, odolaren hemoderibatuak eta osasun sisteman duten erabilera ezagutzeko aukera izan zuten. Zuzendariak mezu argi bategaz itxi zuen berbaldia: “Gaur gaurkoz ezin da odola fabrikatu, eman egin behar da“.
TGEEZ eta Euskal Odol Emaileen Elkarteko ordezkariez gain, eskualdeetako hainbat udaletako ordezkariak ere bertaratu ziren Elai Alai Aretora, ordezkari sanitario eta sozialekin batera omenduei esker ona ematera. Odol emaileek diploma eta ’40/50. Gran Donante. Emaile handia’ testua emaileen logo gorria zuen giltzatakoa jaso zuten, “odol ematearen bidez eskuzabaltasunak eta besteekiko konpromisoak markatutako ibilbide bat eskertzeko”.
Odola ematea modu “anonimo eta bakarrekoan” egiten den gauza denez, ekitaldia mokadutxoa eta elkar ezagutu eta esperientziak partekatzeko baliatu zuten. Halaber, Foru plaza ondoan kokatutako odol-autobusean 26 emate bildu ziren bariku arratsaldean.
Oinarrizko balioen eredu.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan odol-hornidura bermatzeko herritarren lankidetzak “funtsezkoa” izaten jarraitzen duela azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzatik, euskal ospitaleek “egunean 400 donazio inguru” behar izaten baitituzte eskaera asistentzialari erantzun eta Osakidetzan odol eta hemoderibatuen transfusioak behar dituzten pazienteen beharrei erantzuteko,
Iaz 46.418 emailek eman zuten odola Bizkai, Araba eta Gipuzkoan eta 18 eta 65 urte bitarteko biztanleen %3 inguru da odol emateetan modu aktiboan parte hartzen duena. Aurten baina, partaidetza biztanleriaren %4ra igotzeko helburua finkatu du Osakidetzak eta, horretarako, 15.000 emaile berri beharko lituzkete. Lortuz gero, euskal osasun sistemaren autosufizientzia “are gehiago indartu” ahalko litzatekeela azaldu dute.
Emaile handiak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako “dohaintza ereduaren oinarrizko balioen eredu” direla azpimarratu du Osakidetzatik; alegia, elkartasunaren, konpromisoaren eta konstantziaren eredu.