Bertoko 1.793 zuhaitz eta 200 boluntario baino gehiago, BBK basoaren 10. urteurrena ospatzeko
Lurgaia Fundazioak “bultzada berri bat” eman dio Urdaibairi. BBK basoaren 10. urteurrena ospatuz, bertako hamazazpi espezietako 1.793 zuhaitz landatu dituzte Muxikan eskuratu berri duten lursail batean, 200 boluntario baino gehiagoren artean.
Hiru egunez aritu dira bertan, barikutik domekara bitartean, eta besteren artean, haritzak, gorostiak, arteak, urkiak eta elorri zuriak landatu dituzte: “Urdaibai Biosfera Erreserbak bultzada erabakigarria jaso du asteburu honetan bere natura-ondarea berreskuratzeko. 1.500 zuhaitzen hasierako erronka aise gainditu da. Antzinako eukalipto-laborantzako 3,75 hektarea etorkizuneko baso autoktono bihurtzeko lan egin dute boluntarioek”. Auzolan giroko ospakizuna izan da, eta partaideen artean, Berriztu Zabalik Eguneko Zentroko eta Urgozo, Bizitegi, Apnabi, Adsis eta Aldakakoop erakundeetako kideak ere egon ziren.
Lurgaia Fundazioaren arduradunek gogoratu dute Urdaibai “ahalmen natural handiko” ingurunea dela, baina oso azkar hazten diren espezie exotikoen “landaketa industrialak” nagusi direla bertan. Horrenbestez, asteburuko landaketekin, BBK Basoak erreserbaren balio naturalak kontserbatzearen eta berreskuratzearen aldeko “apustu irmoa” egin du, “monolaborantzen ordez espezie autoktonoen baso mistoak jarriz, ustiapenik gabe eta biodibertsitatearen eta ondasun komunaren zerbitzura”. Hain zuzen ere, hamar urte hauetan egindako bideari eutsita ospatu dute urteurrena, “auzolanean, gizarte zibiletik eta fronte guztietatik”. Izan ere, nabarmendu duten legez, filosofia hori da Lurgaia Fundazioaren zigilua.
Hamar urtetan egindako bidea ere errepasatu dute: 37.946 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte, 59,9 hektarea berreskuratu dituzte, 200 jarduera baino gehiago egin dituzte (landaketak, garbiketak, hitzaldiak, espezie inbaditzaileak desagerraraztea… ) 5.855 parte-hartzaile bildu dituzte eta 11.498 tona CO2 konpentsatu dituzte.

BBK basoaren 10. urteurrena ospatzeko landaketaLurgaia Fundazioa