Maddi Etxebarria Bilbao izendatu dute Elhuyarreko koordinatzaile nagusi
Maddi Etxebarria Bilbao.Elhuyar Maddi Etxebarria Bilbao (Gernika-lumo, 1971) Elhuyarreko koordinatzaile nagusi izendatu zuen aho batez Elhuyar fundazioaren patronatuak atzo [urriak 21]. Jon Abril Olaetxearen lekukoa hartuko du, hark, “ezbehar batengatik” kargua uztea erabaki baitu.
Etxebarria Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da, eta 1999tik Elhuyarren ari da lanean. Azken urteetan, euskararen alorreko aholkularitzako teknikari-lanetan ibili da, eta, aurretik, koordinazio-lanetan.
Gainera, zuzendaritzako kidea ere izan da. Euskararen alorrean, euskalgintzako hainbat erakundetan ordezkatu du Elhuyar, tartean, Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritzan eta Soziolinguistika Klusterrean.
Irakasle ere aritu da EHUko Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean: hizkuntzen kudeaketa aro globalean izeneko aditu-tituluan eta UEUk antolatutako Euskara eta digitalitatea graduondokoan. Hainbat hitzaldi eta argitalpen ere eginak ditu; batez ere, euskara lan-munduan txertatzeko gaiei buruzkoak. Horretaz gain, talde gidaritzan zein estrategian esperientzia eta formazio zabala dauka.
Etxebarriaren izendapenagaz, Elhuyarrek euskal gizarteak dituen erronkei erantzuten jarraitu nahi du, “euskaratik gizarte kritiko, aktibo eta berdinzaleagoa eraikitzeko”. Euskara erdigunean jarri nahi du, euskara alor eta sektore gehiagotara zabaltzeko eta euskararen esperientzia beste hizkuntza gutxiagotu batzuetara hedatzeko. Gainera, adimen artifizialaren aroan euskara “lehenengo mailan kokatzeko” lanetan segituko du, “arreta jarriz erabilera arduratsuan”.
Elhuyarrek “erreferentzia” izaten jarraitu nahi du kultura zientifikoaren euskarazko zabalpenean, zientziaren alorreko eragileekin elkarlanean eta zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lanetan. Horretarako, orain arteko bidean jardungo dute: “Eraldaketa soziala jomugan, pertsonak eta komunitatea erdigunean jarriko ditu Elhuyarrek eta askotariko eragileekin elkarlanean jardungo du”. Izan ere, sinetsita daude, gizarteak gaur egun dituen erronken aurrean, ikuspegi kritikoa eta berdinzalea “gero eta beharrezkoagoak” direla.