Iraganeko sua piztera dator Exkixu
Gernika-Lumoko taldeak itzulera kontzertua emango du 2027ko apirilaren 17an, Bilbon. Sarrerak bihar [urriak 23] 10:00etan jarriko dituzte salgai.
Exkixu taldeak bere itzulera iragarri du.Exkixu Rocka, tradizioa eta bizkaiera munduratuko ditu berriz ere Exkixuk. Euskal folka eta rocka uztartzen aritu zen taldea laurogeita hamarreko hamarkadan han eta hemengo oholtzetan. 1997an, baina, taldearen desegitea heldu zen, eta ordutik musikariek euren bideak egin dituzte Ken Zazpi eta Gatibu taldeetan. Ura bere bidean, herri bat euskal folkloreaz maitemindu zuen taldeak oholtzak hartuko ditu berriro.
Sua, Sua; Aurkitu Zintudan; Agur edo Amaiur kantuen doinu ezagunek Euskal Herriko plazak beteko dituzte berriro, izan ere, Gernika-Lumoko taldeak etapa berriari ekingo dio 2027ko apirilaren 17an Bilbao Arenan emango duen lehen kontzertuagaz. Iragarri duten bezala, sarrerak bihar 10:00etan egongo dira salgai Haziberriren eta Exkixuren webguneetan. Bilbon egin duten aurkezpenean iragarri dutenez, taldearen itzuleraren abiapuntu izango da kontzertua.

Aurkezpena egin dute gaur, Bilbon.Exkixu
Gatibu taldeko Alex Sardui abeslaria eta Ekain Alzola baxu jotzailea eta Ken Zazpi taldeko Beñat Serna gitarra jotzailea eta Jon Fresko bateria jotzailea batuko ditu Exkixuk. Taldeari bere betiko nortasuna emango dio Iñigo Ibarretxe jatorrizko alboka joleak, eta Jon Eguskizak osatuko du taldea trikitixagaz. Exkixuren kanta garrantzitsuenen ekoizpen lanetan aritu zen Jose Alberto Batiz musikaria, eta datorren etapa honetan ere, bere lana ezinbestekoa izango da.
Nortasun beragaz. Etxeko euskalkia Busturialdeko mugetatik haratago eraman zuen Exkixuk, Euskal Herriko txoko guztiak bizkaieraz bustiz. Izaera eta nortasun musikal propioa eraiki zuen taldeak, gitarra, baxua eta bateria, alboka, trikitixa eta txistuagaz uztartuz. Nortasun berezi hori zabaltzen lagunduko duen bide bera jarraituko duela erakutsi nahi izan du taldeak, eta hala egin du, Amaiur kantagaz etapa bien arteko zubia eraikiz. Abestia berriz grabatu eta argitaratu dute, Iñigo Etxebarrietaren gidaritzapean grabatu duten bideoklipagaz batera.
Itzulera honetan Exkixuk gogoan izan nahi du martitzenean zendu zen Igor Arzuaga taldekide ohia: “Haren ekarpena eta utzitako arrastoa taldearen historiaren parte dira. Besarkada bero bat haren senide, lagun eta gertuko guztiei”.