Zirku tailerra emango dute abendutik ekainera bitartean, Ean
4 eta 14 urte bitartekoei zuzendutako zirku tailerra emango dute abenduan hasita, Ean. Zazpi saiok osatutako eskaintza da.
Abenduaren 12an, urtarrilaren 9an, otsailaren 13an, martxoaren 13an, apirilaren 10ean, maiatzaren 8an eta ekainaren 5ean izango dira saioak 11:30etik aurrera, Eskolondon. Hala ere, jakinarazi dute ume kopuruaren eta adinaren arabera osatuko dituztela taldeak eta ordutegiak.
Zirku tailerraren bidez, jolasa, garapen-motorra, talde-lana eta gozamena “aztertuko” dituzte. Horretarako, askotariko tresna eta teknikak baliatuko dituzte: lurreko zein aireko akrobaziak (trapezioa eta telak) jolasak, gorputz dinamikak…
Zirku tailerrean parte hartzeko aurretiaz izena ematea derrigorrezkoa da. Urriaren 28a (eguaztena) da izena emateko azkenengo eguna, eta saio bakoitzeko 5 euroko prezioa ezarri dute. “Izena ematen dutenek saio denak ordaintzeko konpromisoa hartuko dute. Hau da, ezin izango da tailerra amaitu aurretik baja eman. Ordainketa banku-helbideraketa bidez eginez gero, hileka kobratuko da, abendutik ekainera. Aurrez aurreko ordainketa aukeratuz gero, guztia batera edo hilean-hilean egin ahal izango da”.
Izena emateko dokumentua komunikazio kanaletatik zabaldu du udalak, eta hori bete ostean, udala@ea.eus helbide elektronikora bidali edo udaletxean utzi behar da, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian.
Ean erroldatutako umeek lehentasuna edukiko dute, eta gehienezko kopurua gaindituz gero, izen-emate hurrenkeraren arabera osatuko dute zerrenda. Azaldu dutenez, erroldatutakoek %25eko edo %50eko deskontua izan dezakete, “bizikidetza-unitatearen diru-sarreren arabera”. Horretarako ezinbestekoa izango da deskontuen eskaera inprimakia aurkeztea.