RK Solutions enpresako arduradunek proiektuaren hedapen-planak aurkeztu dizkiote Bizkaiko Ahaldun Nagusiari
RK Solutions bisitatu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur arratsaldean.Bizkaiko Foru Aldundia Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak Gernika-Lumoko RK Solutions enpresa bisitatu dute gaur arratsaldean [urriak 21]. Enpresa txiki eta ertainentzako eta langile autonomoentzako softwarean espezializatutako enpresaren arduradunek haren hedapen-planak aurkeztu dizkiete.
20 urte bete ditu enpresa gernika-lumotarrak, eta lau urtean lau profesional izatetik 80 izatera pasatu dira. Enpresaren buru John Pollock-ek adierazi du “hazten” jarraitu nahi dutela, eta hazkundeak eskualdean aukerak sortzearen garrantziaz ere mintzatu da: “Hazkunde hori ere hemen geratzea nahi dugu, eta gazteek beren familietatik gertu lan ona aurkitu ahal izatea. Egin dezatela beren etorkizuna hemen, beren herrian. Merezi dute, eta zor diogu”. Ildo beretik, Busturialdeko talentua eta garapen ekonomikoa bultzatzeko, enpresen, erakundeen eta prestakuntza zentroen artean lan egiteko beharra azpimarratu du.
Etxanoberen berbetan, enpresa txikiek lurraldean enplegua eta aberastasuna sortzeko duten ahalmenaren adibide da RK Solutions: “Enpresa batek bere merkatua handitu eta Gernikan bere proiektuaren erdigunea mantendu dezakeela erakusten du. RKren esperientziak erakusten digu txikia zaintzea ere Bizkaiaren etorkizuna eraikitzeko modu bat dela. Gure enpleguari, jarduerari eta zerbitzu publikoei eustea ahalbidetzen duen aberastasunaren funtsezko zati bat enpresa txiki eta ertainetan sortzen da”. John Pollock-ek bezala, eskualdeako garapen ekonomikoa bultzatzearen eta herritarrei etorkizun profesionala bertan garatzen laguntzearen garrantzia aipatu du. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan duenez, beharrezkoa da aukerak “dibertsifikatzea”, baita enpresei laguntzea eta ekimen berriei “lekua irekitzea” ere: “Eskualde guztietan aukerak egongo diren Bizkaia nahi dugu, eta gazte batek bere etorkizun profesionala hazi den lekutik gertu imajinatu ahal izatea. Prestakuntza behar profesionalekin lotzea garrantzitsua da”.
Duela hogei urte informatika-denda txiki moduan hasi zuen ibilbidea Gernika-Lumoko enpresak, eta gaur egun bertan ditu egoitza nagusia zein jarduera-zentro nagusia, baina Madrilen ere egoitza dauka. Izan ere, bere software-soluzioak garatu eta bere produktuak batez ere Espainiako merkatuan merkaturatzen dituen teknologia-enpresa bihurtu da; enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako kudeaketa-eta fakturazio-softwarearen garapenean dago espezializatuta: “Enpresak lanean jarraitzen du bere produktuen bilakaeran eta adimen artifizialean oinarritutako soluzio berrien garapenean, bere funtzionaltasunak handitzeko, bezeroen behar berriei erantzuteko eta merkatuan duen posizioa indartzeko. Berrikuntzaren aldeko apustu hori da bere hedapen-estrategiaren oinarrietako bat”. Hedapen-planari buruzko azalpenetan zehaztu dutenez, egun 3.500 bezero dauzkate eta datozen lau urteetan 60.000 bezero edukitzea dute helburu. “Gernika-Lumotik hedatzen jarraitzeko” apustua egin dute, eta adierazi dute “enplegu kualifikatua sortuko eta talentua erakarriko” dutela, baita eskualdearen ekonomia-garapenari “lagunduko” diotela ere.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.Bizkaiko Foru Aldundia