Juan Kaltzadako lanen bigarren fasea, urtea bukatu aurretik amaituta
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala Gernika-Lumoko Udalak Juan Kaltzada kalearen eraberritze integraleko obrekin aurrera jarraitzen du. Lehen fasean Pasealekutik Gurutze Gorrirainoko zatian esku-hartzea egin ostean, bigarren fasea abiatu dute hilabete honetan. Udalaren aurreikuspenen arabera, etapa berriko lanak urtea bukatu aurretik amaituta egongo dira.
Bigarren fasean, Gurutze Gorriaren eraikinaren eta Barandiaran komertzioaren arteko zatian —235,39 metroko luzeran— egingo dute lan. Esku-hartzearen helburu nagusiak azpiegiturak modernizatzea eta “irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna handitzea” direla gogoratu dute udaletik eta, horretarako, 507.881,73 euroko inbertsioa egingo dute.
Egiten ari diren lanek, besteak beste, “saneamendu eta hornidura sareak berritzea” aurreikusten dute, baita zoladura eta oinezkoentzako espazioa hobetzea ere. “Jarduketak aukera emango du lurpeko azpiegiturak eguneratzeko eta hiri-ingurune irisgarriago eta seguruago baterantz aurrera egiteko”, azaldu dute udaletik.
Esku hartzeagaz Juan Kaltzada kaleak pasabide huts izateari utzi eta “espazio orekatuagoa” bilakatuko dela nabarmendu dute udaletik, “oinezkoek protagonismoa irabaziko” baitute, zirkulazioa erabat kanporatu barik