Danon Plaza Bermeora helduko da
Bertsolari gazteen plazaratzea helburu duen Danon plaza bertso zirkuituak Bermeon egingo du geldialdia bihar [urriak 22]. Kabidxen elkartuko dira 19:00etan.
Bertsolari gaztetxoak (18 urtera artekoak), gazteak (18-25 urte artekoak) eta iazko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalista izandakoak batzen ditu proposamenak, eta Bermeoko saioan eskualdeko bertsolariak batuko dira. Onintza Enbeita muxikarra, Eider Fernandez bermeotarra eta Beñat Enbeita, Janire Arrizabalaga eta Beñat Bilbao gernika-lumotarrak ariko dira Kabidxe bertsoz girotzen. Sarrera doakoa da.
Era berean, Algortako Azebarri Euskal Kultur Elkartean ere ordu berean elkartuko dira bihar. Bertan Jone Uria eta Oihana Bartra Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalistak egongo dira Kirmen Jauregi, Haizea Merino, Araitz Katarain eta June Diaz gazteekin.
Zortzi saiogaz osatu dute zirkuitua, eta datorren astean amaituko dute. Urriaren 29an Bilbon eta Zornotzan dauzkate hitzorduak. Bilboko Mirigorri Elkarteko saioan parte hartuko du Aitor Etxebarriazarraga txapeldunak; gernika-lumotarraz gain, Amaiur Betanzos, Helene Yerga, Maider Altuna eta Haizea Telleria ariko dira bertsotan 19:00etatik aurrera. Zornotzako Zelaieta Zentroko auditorioan, berriz, Gorka Pagonabarraga, Naroa Iturriotz, Maddi Aurtenetxe, Bittor Altube eta Kelmene Abaitua batuko dira.