Ajan-argi herri mailako komunitate energetikoa sortu dute Ajangizen
27 herritarrek Ajangizko Udala bazkide laguntzailetzat duen Ajan-argi kooperatiba eratu dute. 134 eguzki plaka kokatu dituzte, kultur etxeko eta frontoiko teilatuetan banatuta.
Argazkia: Barrizar Kooperatiba
Ajangizko Udalak klima aldaketaren kontrako urratsak ematen jarraitzen du. Azken hiru urteetan EZE Barrizar kooperatibagaz eta udalerriko bizilagunekin elkarlanean aritu da herri mailako komunitate energetikoa sortu asmoz, eta horren emaitza da Ajan-argi kooperatiba, 27 herritar bazkideei energia elektrikoa eguzki plaken bidez ekoiztu eta banatzea helburu duen komunitate energetikoa. Iberdrolak kontadorea ipintzea faltan, “laster” dena martxan izango dute.
Iaz udaletxeko teilatuan instalazio fotovoltaikoak hornitu, instalatu eta martxan ipini zituzten, Europako Next Generation funtsaren bidez finantzatutako energia iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoari eta bizitegi sektorearen sistema termiko berriztagarriak ezartzeagaz lotutako pizgarri programa batean parte hartuta. Esku hartzeak 25.492,58 euroko inbertsioa suposatu zuen, eta jasotako diru laguntza 24.062,50 eurokoa izan zen. Eguzki plaka horietatik jasotako energia, baina, “soilik udal eraikinetan” erabiltzeko zen: udaletxean, tabernan, kultur etxean eta udalaren biltegietan.
“Erantzun ona”.
Duela bi urte hasi zuten udaletxeko eguzki plaken proiektua, eta ia aldi berean, 2023-2024 aldian hasi ziren udala eta Barrizar kooperatiba ajangiztarrekin komunitate energetikoa sortzeko bilerak antolatzen. Udaletik argi dute herritarrek erakutsitako “erantzun ona eta gogoa” izan direla oinarriak Ajan-argi irabazi asmorik gabeko kontsumoko sozietate kooperatiboa sortu eta horretatik energia komunitatea eratzeko. Izan ere, herritarrei eragingo die gehien. “Helburua da eguzkiak sortzen duen energia gure autokontsumoa asetzeko aprobetxatzea, eta aldi berean, kostu ekonomikoa murriztea”, azaldu du Koldo Carbonell Ajangizko alkateak.
Komunitate energetikoa aurrera eramateak “pazientzia eta lan handia” eskatu arren, “bizi kalitatea hobetu” asmoz, klima aldaketaren kontrako urratsak eman nahi izan dituzte ajangiztarrek, besteren artean, ingurunea gutxiago kutsatu, karbono dioxido emisioak gutxitu, energia subiranotasuna bultzatu eta, ahal den neurrian, energia fakturaren kostua ere gutxitu. Horretarako, bide luzea egin behar izan dute: komunitatea legeztatu, Kooperatiben Elkartean izena eman, eskriturak eta estatutuak osatu… “Atal asko adostu eta landu behar dira eta hori horrela, 27 partaiderekin osatu genuen Ajan-argi kooperatiba. Ajangizko Udala bazkide laguntzaile bezala agertzen da”, adierazi du alkateak.
Udaletxeko teilatukoagaz egin bezala, Barrizar kooperatiba arduratu da proiektua osatzeaz, eta kultur etxeko eta frontoiko teilatuak erabili dituzte sistema fotovoltaikoa instalatzeko. Guztira, 124 modulu fotovoltaiko kokatu dituzte: 37 kultur etxeko teilatuan eta 87 frontoikoan.
Energia komunitatea sare elektrinikora konektatutako “autokontsumo partekatu sistema” izango da: “Instalazioak energia berriztagarri nahikorik sortzen ez duenean sare elektrikotik bermatuko da hornidura. Gainera, kontsumitzen ez den energia sarera sartuko da energia soberakin gisa, eta orduko bataz besteko merkatuko prezioan baloratuko da”, azaldu du alkateak.
Instalazio lanak aurtengo otsailean amaitu zituzten; 71.899,60 euroko inbertsioa egin dute, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailetik “%95eko diru laguntza” jasoz. Energia komunitateak legezkotasun dokumentazioa bete eta aurkeztuta dauka, eta abuztuan Iberdrola konpainiaren oniritzia jaso zuen martxan jartzeko. Udaletik nabarmendu dute konpainiakoak kontadorea noiz ipiniko zain daudela, baina uste dute laster “dena martxan” izango dutela.
Komunitatea sustatzea.
Bestalde, Asteklimaren barruan antolatutako Gasoila eta gasa ordezkatzeko alternatibak hitzaldian batuko dira ajangiztarrak bihar [urriak 22], 19:00etatik aurrera, kultur etxean. Udal ordezkariek aurreratu dute alternatiba berriztagarriak, aurrezpena eta diru laguntzak izango dituztela hizpide eta, hori amaitzean, Ajan-argi komunitatearen jarraipena egingo dutela, egindako ibilbidea, egungo egoera eta etorkizunera begirako aurreikuspena aztertuz.
Izan ere, Ajan-argi sortzeko prozesuaren eta jasotako diru laguntzen berri izatean, badira energia komunitatera batzeko interesa agertu duten herritarrak, eta beste komunitate bat sortzeko ideia mahaigainean dauka udalak