108 odol-emaileren elkartasun eta konpromisoari aitortza
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak 40 edo 50 odol emotetik gora egin dituzten Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 108 odol-emaile omenduko ditu etzi [urriak 23], Gernika-Lumoko Elai Alai Areto Nagusian.
Argazkia: Odolkideak Gernikaldeko odol-emaileen elkartea Azken bost hamarkadetan asko izan dira autobusean, ospitaleetan zein fabriketan fideltasunez eman duten herritarrak. Horregatik, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) 40 edo 50 odol ematetik gora egin dituztenen “elkartasuna eta konpromisoa” eskertzeko omenaldia antolatu du etzi [urriak 23], 19:00etan, Gernika-Lumoko Elai Alai Areto Nagusian.
Zentroak Busturialdean eta Lea-Artibain odola ematen duten 108 lagun omenduko ditu zentroak -27 emakumezko eta 81 gizonezko-: Busturialdeari dagokionez, 49 Gernika-Lumoko bizilagunak dira, 20 Bermeokoak, 3 Gautegiz Arteagakoak, 3 Eakoak, 3 Busturikoak eta Arratzuko, Mundakako, Errigoitiko eta Muxikako bana. Horrez gain, eskualdeko Maier eta Losal fabriketan 40 edo 50 odol ematetik gora egin dituzten hiru pertsona ere omenduko dituzte: muruetar bat, sukarrietar bat eta lemoaztar bat. Lea-Artibairi dagokionez, Lekeitioko 16 bizilagun, Ispasterreko 3, Aulestiko 2 eta Munitibar eta Mendexako bana omenduko dituzte.
Ekitaldi ofizialaren hasiera 19:00etan izango bada ere, ohi legez, aurretik familia argazkia ateratzeko aprobetxatuko dute. Segituan, TGEEZko eta eskualdeetako ordezkaritza instituzionala izango duen ekitaldiari ekingo diote. Izan ere, osasun sistema publikoarentzat oinarrizkoa da odol-ematea eta, horregatik, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik bi eskualdeetako herritarrek “urtez urte emandako erantzun eredugarria” balioan jarri gura dute, omenaldiarekin esker ona adierazi eta, bide batez, “euren konpromisoari gizarte-ikusgaitasuna” eman.
Omenaldiaren antolakuntzan aritu dira Odolkideak Gernikaldeko odol-emaileen elkartekoak ere eta, gogoratu dute, bi eskualdeetan odola emateko leku egonkorrak egon badaudela, hain zuzen ere, Gernika-Lumon, Mundakan, Bermeon, Ispasterren, Lekeition eta Maier eta Losal enpresetan. Barikuan esaterako, Gernika-Lumoko Artekale kalean egongo da odola emateko autobusa, 16:30etik 21:00etara bitartean.