Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Turismo Enpresa Adimenduaren ziurtagiria jaso du
Aintzatespenak zerbitzu publikoaren "etengabeko hobekuntza" eta erabakiak hartzeko datuen erabilera, digitalizazioa, jasangarritasuna eta behar ezberdinak dituzten bisitarientzako arreta uztartzen dituen kudeaketa-eredu bat ezarri izana egiaztatzen du.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Turismo Enpresa Adimenduaren (ETI) ziurtagiria lortu du, Turismo Helmuga Adimenduen sarearen barruan sortutako UNE 178510 araua betetzeagatik. Gernika-Lumoko Udaletik nabarmendu dutenez, aintzatespenak zerbitzu publikoaren “etengabeko hobekuntza” eta erabakiak hartzeko datuen erabilera, digitalizazioa, jasangarritasuna eta behar ezberdinak dituzten bisitarientzako arreta uztartzen dituen kudeaketa-eredu bat ezarri izana egiaztatzen du, eta turismo bulegoa “SEGITTURek eta Turismoko Estatu Idazkaritzak Espainian bultzatutako turismo-kudeaketa adimendunaren ereduaren barruan” kokatzen du.
Ezarri den kudeaketa ereduaren ardatzat nagusietako bat Gernika-Lumoko Behatoki Turistikoa da, bisitarien joan-etorriari, portaerari eta gastuei buruzko datuak aztertzeko aukera ematen duen tresna: “Informazio horrek baliabide publikoen plangintza errazten du, eta eskaintza turistikoa antzemandako beharretara egokitzen laguntzen du”, azpimarratu du udaletik. Bestetik, udal-zerbitzuak tresna digitalak ere baditu, esaterako, webgunea, laguntzaile birtuala, sare sozialak, QR kodeak edota azterketa turistikorako plataformak. Errekurtso horiek informazioa “hainbat hizkuntzatan” eskaini eta arreta emateko kanalak zabaltzeko aukera ematen dute.
Irisgarritasuna da kudeaketa ereduaren beste zutabeetako bat; izan ere, instalazioek sarbide egokitua dute, plataforma jasotzailearen, altuera bikoitza duen erakusmahaiaren eta barneko espazio “irisgarri” baten bidez. Horrez gain, udaletik beste hainbat baliabide nabarmendu gura izan dituzte, hala nola, begizta magnetikoa, braillez egindako materialak, ikusmena laguntzeko lupak, audiogidak eta desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako bisita gidatuak.
Jasangarritasunari dagokionez, turismo bulegoan “paperaren kontsumoa murriztea sustatzen” duten baliabide digitalak darabiltzate eta, horrez gain, ondare historikoari, gastronomiari, ostatuari, tokiko jarduerei eta euskarari lotutako eskaintza ere sustastu ohi da: “Ereduaren helburua turismo-jarduerak tokiko ekonomian eta Gernika-Lumoko eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako kultura eta ingurumen balioen kontserbazioan laguntzea da”, adierazi dute udaletik.
ETI ziurtagiriagaz turismo bulegoak “kalitatea, berrikuntza eta arreta inklusiboa uztartzen” dituen kudeaketa sistema indartuko du, Gernika-Lumora hurbiltzen diren bisitarien esperientzia hobetuz eta “herritarren beharrekin bateragarria” den garapen turistikoa sustatzeko helburuagaz.