Gaztainak bildu eta erretzeko hitzorduan batu dira nabarniztarrak
Argazkia: Nabarnizko Udala Udazkenak aurrera egin ahala, gero eta gehiago dira bide bazterretan gaztainak biltzen ari diren herritarrak eta mendira ere joaten dira asko. Nabarniztarrak Illuntzarrera jotzen dute normalean, eta hala egin zuten zapatuan [urriak 17], beste behin ere Nabarnizko Udaletik antolatutako irteeran bilduta.
Gaztainak biltzeko otzara eskuan, hamazortzi bat lagun elkartu ziren, ume zein heldu, familiartean zein lagunekin arratsalde “polita” igarotzeko. 15:30 aldera atera ziren Elexaldeko plazatik Illuntzarrera eta, udaletik nabarmendu dutenez, haurrak “pozik” egin zuten ibilbidea, “gaztaina asko” bildu baitzituzten.

Argazkia: Nabarnizko Udala
Bilketa bakarrik ez, gaztainak dastatzeko aukera ere izan zuten. 19:00ak aldera elizpean batu ziren bai bilketan parte hartu zutenak, bai dastatu eta giroaz gozatu gura zutenak. Danbolinean erreta, denek elkarrekin jan zituzten gaztainak, eta bestelako jan-edanik ere ez zen falta izan. Gauez ere bertaratu zen jendea, musikak girotuta “giro ona” izan baitzen protagonista Nabarnizen.