Keinu txikiak etxean hasten direnaren erakusle
Asteklimagaz bat egin dute aurten ere muxikarrek, beste urte batez bigarren eskuko azokan parte hartuz. Egitaraua gauera arte luzatuko da, disko festa eta Muxik-Eruek taldearen kontzertuagaz.
Beste urte batez, eta dagoeneko badira zortzi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Energiaren Euskal Erakunderen eta Ihoberen lankidetzagaz, Asteklima, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea antolatu du. Dibulagazioa, sentsibilizazioa eta esperientzia praktikoa biltzen dituen programa atzo [urriak 16] hasi zen eta urriaren 25era arte [domeka] luzatuko da, Zure arrastoa keinu bakoitzean hasten da lelopean. Asko dira Asteklimaren testuinguruan hiri eta herrietan antolatzen diren ekintzak —120 ekintzatik gora izan ziren iaz Bizkai, Araba eta Gipuzkoan—, eta eskualdea ere bada horren erakusle; Muxikan, adibidez, bigarren eskuko azokan batu dira gaur, beste behin.
Goizetik gauera arteko egitaraua ondu du Muxikako Udalak beste urte batez. Kurtzeroko aparkalekua izan dute herritarrek topaleku, behar edo erabiltzen ez dituzten arropa, jolas, liburu edo bestelakoak saldu eta behar duten hori herrian eta herrikideei erosi asmoz. Izan ere, keinu bakoitzak bere eragina duela ulertuta, etxetik kalera eta txikitik handira eragiten jarraitzeko hautua berretsi dute. Bigarren eskuko eskaintzaz gain, produktu berriak erosteko aukera ere egon da: esaterako, Joana Oregi idazle gernika-lumotarrak bere liburuak saltzeko postua ipini du eta eskuz margotutako jakak erosteko aukera ere egon da beste postu batean.
Azoka eremuan baina, postuak baino askoz gehiago izan dute aukeran hurreratu direnek, batez ere, umeek. Ehunzangoren eskutik birziklapen tailerra, zirkuitu puzgarria eta margoketa txokoa egon dira eguerdian. Jan-edanerako aukerarik ere ez da falta izan, food-trucka egon baita bertan. Arratsaldean Txitatokikoek zirku tailerra eskaini dute.
Egunak asko du emateko oraindik Muxikan. Eguraldi eskasari dantzatuz eta abestuz erantzuten jarraitzeko, Irrikazu disko festan batuko dira herritarrak eta, eguna biribiltzeko, Muxik-Eroak rock taldeak kontzertua eskainiko du.