Euripean ere euskal tradizioak bizirik mantenduz
Euskal Jaia ospatzen ari dira gaur [urriak 17] Kanpantxun, herritarrak batu eta euskal ohitura eta folklorea ospatzeko asmoz. Umeek prestatutako dantza emanaldiaz gain, ez dira baserriz-baserriko poteo girotua eta herri bazkaria falta izan.
Euskal Herria euri denboraleagaz lotzen dute zazpi probientzietatik harago bizi diren askok. Azken hilabeetan tenperatura altuak pairatu arren, euria normaltasunez bizi du euskaldunak, eta ez du horrek aurrez prestaturiko hitzorduak zapuztea uzten; ez behintzat bi urteren ostean ospatuko den zita berezia denean. Hala erakutsi dute gaur goizean Kanpantxun elkartu diren herritarrek: iazko etenaldiaren ostean, gogotsu zeuden elkartu eta Kanpantxuko Euskal Jaiaren hamalaugarren aldia denek elkarrekin ospatzeko, eta hala egiten ari dira, euskal ohiturei eta tradizioei balioa emateko eta horiek ikusarazteko egunean batuta.
Jai on orotan egin legez, txupinazoagaz hasi dute ofizialki jaia, 12:00etan. Gutxinaka iristen joan dira herritarrak, baserritar arropak soinean jantzita zituztelarik. Eguraldi ezegonkorra dela eta, frontoia izan dute gaur ume eta gaztetxoek euskal jairako prestatu duten dantza herritarrei aurkezteko eszenatoki. Bi bolanderak entzun orduko barre algarak, urduritasuna eta oro har, iazko etenaldiaren ostean mimoz prestatutako jai eguna elkarrekin igarotzeko gogoa ziren nagusi Kanpantxun, eta, dantzariek Zetaken zein Xabi Solanoren erritmora emanaldia eskaini ostean, festa giroak gora besterik ez du egin.

Zornotzako Kittu taldearen eskutik kale-folkloreak eta euskal musika eta erritmoak hartu dute Kanpantxu. Dantzariek Txulalai dantzatu dute horien erritmora eta, segituan, baserriz-baserriko poteoan batu dira. Euskal abesti tradizionalek girotuta, jan-edanik ez dute falta izan. Etarte eta aterpeak baliatu dituzte posible izan duten neurrian baina, euria aurre egiteko prest daudela ere erakutsi dute, geraleku batetik hurrengo geltokira joateko karpak erabili dituzte, umore ona eta festarako gogoa galdu barik.
Herri bazkaria ere egin dute, eta 60 bat lagun izan dira frontoian batu direnak: 41 heldu eta 15 ume ziren izena emanda zeudenak baina maiz gertatu bezala, egon da giro onak deituta hurreratu denik ere. Bazkalotestea arintzeko, umeek beraientzako prestatutako jolasekin gozatu dute, herri kirolak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanik. Musika ere ez da faltako, Kanta GeuGaz taldeagaz batera abesti eta dantzekin luzatuko baitute eguna.